2021-02-05
Ilargirako bidean
Ilargirako bidean –
Doinua: Misiolari baten moduan
Izen bat bada, ospe handiaz,
Heldua gure artera,
Elon Musk bere grazia eta
Aberatsa da gainera.
Dirua eta denbora sobran,
Kontuak zuek atera,
Lurrean nahiko toki ez eta
Astronautaren antzera,
Bidaiak egin asmotan dabil
Ilargi eta Martera.
Haien hitzetan egingo dute,
Metafora ederrean,
Espaziora doan taxia
Beste guztion aurrean.
Ordenagailuz gidatzen dena
Astronauta beharrean,
Ilargipean bururatu zait,
Nor dabil inularrean?
Burua dauka orbitan eta
Oinak ez dauzka lurrean.
Texas aldean ba omen dute
Halako basamortua,
Txoko batean jarri digute
Kohete aireportua,
Orain artean nahiz hiru aldiz
Den gorantz abiatua,
Hiru alditan gelditu zaigu
Burdin-hauts bilakatua,
Nigandik urrun egin bezate
Euren esperimentua.
Merke-merkea ez da izango
Lan horietan hastea,
Aberatsentzat egin du plana,
Ez da komeni nahastea.
Enpresa baten jabea bata,
Banku batena, bestea,
Gauza onen bat izan behar du,
Kontsolamendu tristea,
Modu horretan lortuko al da
Lurra bakean uztea.
Gaizto xamarra izan liteke
Nire irudia, tira,
Baina barruan daukadan hura
Askatzea komeni da.
Hiru jeneral, bi diktadore,
Barruan ageri dira,
Burtsan etxetik aberastu den
Gizon bat haiei begira,
Pena handirik ez zen izango
Denak galduko balira.
Espaziora zabaldu nahian
Omen daude turismoa,
Gure garaiko bekatu handi
Da exhibizionismoa.
Bidean askok galdu behar du,
Hartua diot susmoa,
Eta lurrean disfrutatzea
Dudanez nire asmoa,
Izarretara begira baina
Sofan etzatera noa.