2022-07-20
Ikusten zaitut
Ikusten zaitut –
Ez naiz askotan aritu barran zerbitzari lanean: herriko festetan txosnan, beste herrietako hainbat txosnatan, eragileon urteko jarduna finantzatzeko gabonetan hartzen genuen taberna hartan urtezaharretan … eta asko ikasten da. Ia-ia, ikusi adina. Izan ere, parranda baten pribilegiozko begiratoki bilakatzen da barra atzea. Orduek aurrera egin ahala, jendeak tragoa eskatzeko premia eta gaitasuna galdu ahala, garden-garden ikusten dira disimulu ustezko keinu, begirada eta mugimenduak.
Gaua barra atzean pasa eta biharamunean mapa argi-xamar bat izan zenezakeen bakoitzaren desio edo bulkaden inguruan (aitortuak zein ez). Eta bazenekien koadrila osatu nahian zebilen puzzlearen pieza askoren berri.
Oholtzak ere badu barra atzearen puntu bat, batzuetan. Ematen digu jendeari begira egoteko arrazoi eta aitzakia bat, jendea beste zerbaitera adi dagoen bitartean. Batzuk egoten dira parean duten saioari adi, baina beste askok badaki jendearen begirada fokatuari zukua ateratzen bere alde.
Kantuan ari naizenean, barran zerbitzatzen edo itzuli beharreko txanponak kontatzen bezalaxe, ez dut neuronarik libre ikusten dudana prozesatzeko. Atzean eseri eta kideak entzuten ari naizela, ordea, une ederra izaten dut giroari eta entzuleari erreparatzeko: ikusten ditut aho-zabalik egoten direnak, mugikorrari begira daudenak, bertso erdiak txalo jotzeko gogoa pizten zaienak, aho zabalka egin eta albora begiratzen dutenak ikusi ote dituzten konprobatzeko, bertsoa amaitu eta gustatu zaien edo ez erabakitzeko ondoko bertsozalearen erreakzioa itxaroten dutenak … garden-garden agertzen dira.
Gauza ederra saioan hori guztia mugitzen ari dela sentitzea; distantzia hori hartu eta begiratuz gertatzen dena bizitzeko tarte bat izatea. Jendearen gozamen keinuak sumatu eta norberak horrelakorik piztu ote lezakeen ahalegintzea.
Ederra da oholtzan norbere barra-atzea prestatzea, lubakiaren, gotorlekuaren zentzuan, eta zirrikitutik begiratzea, norbere gorputza eta ahotsa jomuga bilakatu gabe. Eta aldi berean, ikusten duzunari ikus zaitzan uztea zor diozun irudipena izatea.
Oholtzak begiratoki pribilejiatu dira; eta altura berean ari garenean ere, bertsoa bada plazari begiratzeko aukera ematen digun balkoi bat. Ikusiko dugu elkar.
Ikusten zaitut
Oihana Iguaran oholtzatik begira