2023-08-25
Ikusi arte, Joxe!
Doinua: Agur sagar beltzaran
1/ Esna amets gaiztoa
gailentzen denean
ezina izkutatzen
da oroimenean
Ze konpainia eder
CAPen geundenean
presaka lan-bisitan
heldu zinenean
ta gaur ze hutsunea
bihotz barrenean
2/ Urrutian gertatu
arren zoritxarra
mezuak laster heldu
ziren barra-barra
Fikziotik bereizi
ohi gaituen marra
bizitzak ere hau du
bere alde txarra
ezin sinistu eta
onartu beharra
3/ Aunitz genbiltzanean
hamakan etzanda
albistea gugana
heldu da ta… danba!
Begi niniek egin
ondoren eztanda
orain gelditzen zaigu
aitormenen txanda
Zu maitatzea hagitz
erraxa izan da
4/ Heriotzak ekartzen
duen zirimola
izoztu zaigu uda
izoztu odola
ta jakinik iraila
hain gertu dagola
Googleri ez zaionez
sobera axola
nork goxatuko gaitu
eskolaz eskola?
5/ Saminak ekarri ohi
duen gogoeta,
patuak hau guztia
al zeukan gordeta?
Doneztebe, hartu elkar
goxatzeko beta
ez delako mantentzen
hain errax oreka
bikoizten zaizunean
malkoen Erreka
6/ Maisuontzako uda
joaten den bezala
agurtzeko unea
ailetu zait, hala
Nahiz ez zaigun itxiko
fite arrakala
jasotako guztia
ez denez hutsala
milesker Joxe, lurrak
goxo har zaitzala