Haize Lekuona
Haize Lekuona

2024-02-20

Ihesi doa denbora

Ihesi doa denbora –

Doinua: ETAren su-etenetik

 

Urte berria hasirik

denak daude txora txora

Uste dute gaitz guztiak

joango direla kanpora

Baina benetan gehiago

etortzen dira ondora

Eta emendatzen doaz

adinean joanez gora

Pentsamenduetan barna

galdu ohi dut denbora

Galdu ditudan uneak

ekartzen ditut gogora

Arazoak saihesteko

ahalegina izango da

 

 

Segunduro olatuak,

mendi tontorran luizi

Minuturo jaiotza bat, 

lau besarkada, sei krisi

Orduro bi hitz eder (e)ta

galde gabeko iritzi

Astero iraultzaren bat

ondoren ehun injustizi

Urte denen bukaeran

etapa zaharrak itxi

Nabil denboraren bila

segundu baten ihizi

Noiz zen bihar, noiz da atzo?

al naiz orainean bizi?

 

 

Urte osoa pasatzen

du buru makur sahatsak

Ni aldiz burua goiti

ezin aurkitu norantzak

Hanka sartu honezkero,

errepikatuz akatsak

Denak dira ikasteko

nahiz ta izan diren latzak

Egunak joan ahala

ditut eginak urratsak

Baina denborak segidan

ditu ezabatu oinatzak

Ohartzerako sofan naiz

janez hamabi mahatsak

 

Ihesi doa denbora
Arg: Jose Mesa