Manex Agirre
2022-06-20
Hustubidea
Hustubidea –
- Bihotzean gordeta eramango zaituztet niri “zorionak” esan ondoren “eskerrik asko, baina…” entzun behar izan duzuen eta ni animatzen saiatu ez zareten denok. Hainbesterako ez dela sinetsarazten saiatu ez zaretenok. Ez nuen halakorik behar, eta ulertu zenuten. Eternalki eskertua.
- Nola ez naiz ba poztuko. Nola ez da ba hau dena pozgarria izango. Baina.
- Ron Legendario, el ron cubano por excelencia desde 1946.
- Peru. Zenbat umoregile entzun ditugun beren burua defendatzen, egiten dutena mesedez arinkeriaren ekuazioarekin bakarrik ez dela ebatzi behar ulertarazteko. Zuk sakon egiten duzu umorea. Badakizu. Eta nahi nuke betelanerako duzun gaitasun kirurgikoa. Eta kantuan ari zarenean nahi gabe bezala konstanteki gauzak esatea. Hau da zure unea. Ze ederra den bizitza.
- Oihane: hezur haragiztatutako lurralde bat, adierazpide artistiko bat eta izaera bat zara, dena batera; ez ahaztu. Iñaki: nire buruarengan faltan sumatzen dudan bulkada eta samurtasunaren konbinazioa, ezin estimatuagoa. Xabi: zer egiten dugun (dudan) benetan jabetzeko gakoa izan zara; lagun min bat. Paula: bertsoak bere inertzia propioz gordearazten dizkigun bideak azalera ekartzeko gaitasun ezinezko hori duzu.
- Berrogei urte bizkarrean eta oraintsu ohartu behar txapelketa moduko gauza batek daukan jendaurreko ikusarazpen-mailaz. Norbanako erakustazoka kantariak gara. Inbidiarik ez 2001ean txandal frakak jantzita Printzipal antzokira igo zen harekiko, miresmen apur bat agian bai. Gaur egungo kezka: besazpietako izerdi-orbainak gehiegi ez erakustea.
- Txapelketan aurkezten garen unean bertan gara derrotatuak.
- 35 gradu eta udazken usainik ez oraindik. Hala segi dezala apur batean.