2023-10-26
Hormatxoriak negu gorrian
Hormatxoriak negu gorrian –
Hormatxoriak negu gorrian. Horixe izan zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako Vianako saioan agurrerako erabili nuen doinua. Ongi hastea gakoa izaten omen da bideak izanen duen bilakaera ere ona izan dadin, eta kabia lasai eta ongi berotu nahi nuen, bertan egoteko asmoa bainuen saioak iraun bitartean. Eta uste dut lortu nuela; zinez kabi goxoa izan zen Viana.
92an Vianan bertan ospaturiko Nafarroa Oinezerako egindako abesti ezaguneko B. Atxagaren hitzek X. Muguruzaren doinuan zioten Lingua Vasconum; Lingua Navarrorum; Ze arraroa, euskararik gabe Nafarroa. Paradoxikoa agian… ez al da arraroa orain artean bertsogintzaren trenak Vianan geltokirik izan ez izana? Nafarroa arragoa… eta arraroa. Baina hantxe ginen sei txoritxo kantuan elkarrekin, bakoitza bere kabitik.
Hitzok idazten ari naizen egunean bete dira 38 urte Nafarroako Gobernuak publikoki euskara zonifikatzeko lege euskarafoboa aurkeztu zuenetik. PSNko Gabriel Urralburu zen presidentea garai horietan, eta hiru zonaldetan banatu zuten Nafarroa: euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna; herritarroi hizkuntza eskubideak bizi garen lekuaren arabera aitortuz edo urratuz. Geroztik, Nafarroako eskola publiko gehienetan ez da euskarazko eskaintzarik, eta lanpostu publikoei dagokienez, puntu gehiago ematen omen dituzte atzerriko hizkuntzek, hala nola alemanak, euskarak baino. M. Arzallusen hitzak duela bi aste Etxarrin ospatu zen Nafarroa Oinez hartarako: Lesakan bai Aiegin ez; herriz herri hats eginez…; Euskaratik helduta goazen; arnastu Nafarro bat oinez… Hitz ezberdinak baina aldarri bera beraz 92tik 2023ra oinez egindako bidean.
Julio Sotok berak aipatu zuen saioan: Vianak txapelketaz gain bertso afari bat behar zuela. Gainerako bertsolariek ere plazaratu zuten ideia; Vianaren dianako erdigunean euskara jarri behar da. Eta noski, urteak daramatzagu gauza bera errepikatzen. Eta ulertu nahi ez duenarentzat, sinplea da eragiketa. Lagun batek elkarrizketa batean ederki sinplifikatu zidan nire ustez behintzat. Herritarron eskubideak ezin dizkigute jaioterriaren arabera eman eta kendu. Eta hiztun kopuruaren argudioak ez du balio. Vianan ikasle bakar batek D ereduan ikasi nahi badu, horretarako eskubidea izan behar du.
Ez da gure errua gertatzen ari dena, baina gurea da aldatzeko erantzunkizuna. Beraz, segi dezagun egurra biltzen (eta ematen) guztiontzat kabi goxoa eraikitzeko gure Nafarroan, negu gorri honetan biziraun dezagun, eta hormatxoriak hegan egin dezan.