Felix Zubia
Felix Zubia

2020-07-06

Hondartzan

Hondartzan –

Doinua: Haurtxo txikia negarrez dago

1. Atzo hondartzan ibili nintzen,

Gure umeen harira,

Eta burua joan zitzaidan

Inguruari begira.

Hondarrak beti berdin dirudi,

baina itsasoak tira,

hainbat ideia etorri eta

bertso bilakatu dira.

 

2. Mendi-tontor bat egin genuen

Gure jolasen sostengu,

Handitu dadin gehiago bota,

Albotik hondarra kendu.

Oteizak zer esango zuen

Nahiko nuke nabarmendu,

Sarri gauza bat eraikitzeak

Zulo handi bat sortzen du.

 

3. Gaztelutxo bat, lau dorrekoa,

Egiten ginen aritu,

Marea igo eta kolpetik

Urak guztia txikitu.

Ustekabean, apar artean,

Bizitza nuen aurkitu,

Gure proiektu eta ametsak

Mareak suntsitzen ditu.

 

4. Uretan sartu freskatu asmoz,

Eta a zer zoramena,

Ohartu gabe mugitu gara

Tarte luzean barrena.

Kanpoan ere antzera goaz,

Nahiz ez izan nabarmena,

Ikusten  ez den korrontea da

Gehien tiratzen duena.

 

5. Kanpora irten, toailan etzan,

Ez naiz gelditu haserre,

Eguzkiaren berotasuna

Bizitzaren gorazarre.

“Tapatu hadi” esan didate,

Kalteari hartu aurre,

Dena bezala, pixka bat ona,

Eta gehiegiak erre.

 

6. Denbora pasa, trasteak bildu,

Bagoaz etxera ri-rau,

Bainera eta azkar ohera,

Guraso onaren arau.

Seigarrenean bukatuko da

Gaurko bertso bilduma hau,

Eguzki eta kresal usainak

Filosofo bihurtu nau.

Hondartzan