2021-08-10
Hondar zuri eta ur urdin
Hondar zuri eta ur urdin –
Gogor lan egin ostean merezitako oporraldia heldu da, nahi duguna egiteko jaiegunak, ez du ardura astelehena edo igandea den, ez du ardura, eta gainera, ez dakigu. Baina, tamalez, aurten bertsoak jaiegun larregi izan ditu. Lan beste nahiko genuke kantatu, edo lanik egin ez eta asko kantatu, edo kantua lana bihurtu, lana jai eta jaia lan.
Hondar zuri eta ur urdindun hondartza batean, atzamar arteko harea kendu dit olatu txiki batek ur ertzean. Toallako harea astindu eta palmondoaren gerizpean asteko bigarren liburuaren azken kapitulua irakurtzen hasi naiz. Pamela eta pareoa jantzi eta meriendarako fruta koloretsuak eta koko-ura eskatu ditut txiringitoan, bertan, nire kuadernoan hainbat ideia idatzi ditut, 10/8an jartzeko hainbat idea, bururatutako hitz bereziren batzuk, errima legez erabiltzeko modukoak. Iluntzerako, hondartza ertzeko terraza batean egin dut erreserba bertoko arraina brasan jateko, beraz, prestatzera joateko sasoia da, eta biluzterakoan bikiniaren markak argi uzten du azala ilundu zaidala.
Pelikuletako oporraldia da hau, askoren ametsetakoa. Askorena eta haien artean neurea. Kontua da, paisai tropikal baten egon beharko nukeela oporretan oraingo, hori zen nire asmoa, baina bidaia hartu orduko, hiru bertso saio berri agendara, bata bestearen atzetik. Hiru bertso saio berri eta aurtengo lehenengotarikoak, urte guztian saiorik ez dudala eta kexaka ibili ostean, zelan esan ezetz bertsoz betetako aste bateri, hondar zuri eta ur gardena duen hondartza batengatik?
Pentsatuko duzue logikoena antolatzaileei oporretan egongo naizela eta penaz ezetz erantzutea litzakeela. Baina, bidaia atzeratzea ere ez da izan plan txarra, palmondoaren gerizpeak, hondar zuri eta ur urdinak itxarongo du astebete gehiago. Bertsoaren brisa, doinu zuri eta errima urdinak herriko plazako arbolapean ere badira ametsetako oporrak.