Haize Lekuona
Haize Lekuona

2024-09-26

Hondar ale bakoitzak eraikitzen du Hondar ibia

Hondar ale bakoitzak eraikitzen du Hondar ibia –

Doinua: Ama nola zure belaunetan

 

Joana naiz askotan zu(re)gana

zure ulermenen eske

Bion ideien kontu hartzeko

hartuz horrenbeste neke

Egiaren ordua iritsirik

ez zenuen hitza bete

Zure hitzaz ezkutatze hori

ez zaizu atera merke

 

 

Haziak landatuaz joan naiz

ni horrenbeste urtetan

Nahiz saiatu zaren maiz zapaltzen

iltzatuz denak zoletan

Halere loratu dira eder

horma, lur (e)ta zapietan

Kaleak lorez gainezka daude

bion herriko kale(e)tan

 

 

Esaidazu zergatik ez nauzun

nahi zure aldamenean

Egunero bagaude ondoan

kale, eskola, lanean

Ez al da hobe elkar zaintzea

gorrotatu beharrean?

Zergatik zatitu maitasuna

bikoiztu daitekenean?

 

 

Zure sokaz nahi nauzu lotua

ezin eskapatu, tinko

Baina nik aske izan nahi eta

hori ez duzu begiko

Soka gehiegi estutuz gero

zu egingo zara ito

Azken finean bizitza hontan

ezer ez baita beti(ra)ko

 

 

Kontraesanka hasi zarela

daukat nik sentsazioa

Nahasten hasi baitzara jada

ohituraren nozioa

Nola nahi duzu segi babesten

hain tinko tradizioa,

Berez sinisten duzun horreri

eginez traizioa?

 

 

Elkarbizitzak bion arteko

zubiak sortzean datza

Horretarako behar genuke

lore bihurtu arantza

Jakin ni ere behar nauzula

orekatzeko balantza

Hondar ale bakoitz behar baita

sorrarazteko hondartza

 

Hondar ale bakoitzak eraikitzen du Hondar ibia
Arg: ARGIA
Hondar ale bakoitzak eraikitzen du Hondar ibia