2018-02-21
Hizkuntzak eta kodeak
Hizkuntzak eta kodeak –
Bertsozale Elkarteak eta Mintzolak antolatutako ekimenei esker, behin edo behin izan dugu ozeanoz bestaldeko inprobisatzaileekin abesteko aukera. Kasu horietan, itzultzaileen lana funtsezkoa izan da, elkarrizketa lortzekotan. Gehienetan, ordea, inprobisazioaz gaindi beste kode mota bat ere konpartitzen genuela ohartzen ginen, hizkuntza ulertu ez arren elkar ulertzera ginderamatzana.
Oraingoan, ozeanoz bestaldeko bertsolariekin abesteko aukera eskaini zaigu eta egia esan banuen, jakin-mina. Berso bat bertso egiten duen euskaran aritu ginen hango eta hemengo bertsolariok, ezinbestean. Elkarren hizkuntza ulertzen genuen, horrenbestez. Emanaldi haiek ere bazuten itzultzaile beharra, hala ere. Ez ginen alferrik ari Nevadako cowboy-en jaialdian kantari! Garai batean Euskal Herritik bertara lanera joandako euskaldun batzuk eta euren ondorengoak baziren entzuleen artean, euskara gutxi-gehiago ulertzen zutenak. Baina orokorrean, ingelesezko itzulpenak behar zituzten bertaratuek.
Hor ohartu ginen komunikazioaren atal anitzez; munduko beste herrialdeetako inprobisatzaile batzuekin aurki genezakeen kodea ez zelako erraz lortzen euskaraz ari ginen bertsolarion artean. Itzultzailearentzat ere, aldez omen ziren zailago Euskal Herriko bertsolarion aleak, amerikarrenak baino. Bertsolariak, hizkuntza ez-ezik unea eta gunea ere bai baititu kode. Akaso horri esker, lortzen genuen lehen kolpean komunikatzea, hasieratik geneukalako lehengai behinena ziurtatuta: jendearen arreta. Eta aldi berean horrek berak (bakoitzak bizi ditugun une eta guneen urruntasunak) egiten zigun zail elkarren erreferentziak ulertzea.
Gure mundua euskaraz ematen dugulako bertsolariok, baina gure mundua erreferentzi askok elikatzen dutelako; eta aldiroko une eta gunearekin konpartitu ditzakegun kodeak aurkitzea da erronka. Norberak bere mundu ikuskeratik esateko duena besteen mundu ikuskerak ulertzeko moduan ematea, alegia.
Eta buru adina mundu dagoen garaian, bertsolaritzak eskaini didan aberastasunetako bat (gehiago) da nire mundu erreferentziala urrun izan dezaketen pertsonekin elkarrizketak osatzen ikasi beharra, otorduak beste bizimodu bat daukatenekin elkarbanatzea, beste belaunaldi batekin kezkak partekatu izana … Azkenean, konpartitu edo ez, kode bat gehiago zureganatzea da. Beste hizkuntza bat ikastea bezain aberasgarria.