Aissa Intxausti
Aissa Intxausti

2024-02-05

Hitzak soilik baloratzen dira

Gorputza tente eta altu kantatzeko esaten ziguten bertso-eskolan umetan. Bertsoak saldu egin behar omen dira, eta urteak joan ahala ikasi dugu bertsoa saltzeko moduak bertsoaren edukiak berak beste, edo gehiago, balio duela. Aldatu dugu lehen bertsoa kantatu ostean jartzen genuen “barkatu, kaka, gaizki egin dut” aurpegia, eta ikasi dugu, horren ordez, irribarre txiki bat egiten, eta ez dadila nabaritu barruko amorrua.

Hitzak soilik baloratzen dira –

Hitzak soilik baloratzen dira

Zure jarrerak guztiz baldintzatzen du entzulearen pertzepzioa. Horretaz bereziki ohartu nintzen Gasteizen egin genuen “All in the house” rapeko txapelketan. Bertsolaritzan baino leku gehiago uzten zaio gorpuzkerari rapean, eta baloratu ere egiten da flowa deritzogun hori, ezin lotsatuta igo oholtza horretara. Bertsotan ustez ez, geldirik gaude mikroaren aurrean. Zakurraren putza.

Bi jarrera har ditzake bertsolariak saioaren aurretik:

  1. Saioak aukeratzat hartzen dituzten bertsolariak daude, gogotsu daudenak, zerbait polita egiteko eta eskaintzeko bidetzat dituztenak saioak.
  2. Beldurretik bizi dituztenak saioak ere badira: ahalik eta neurri txikiena hautatzen eta ea ariketa gutxi tokatzen zaizkien errezatzen dutenak.

Bi aukeren arteko muga autokonfiantzan dagoela esango nuke, eta Btik Arako bidea existitzen dela. Ni harritzen nauena, ordea, betidanik An egon den jendea da: betidanik uste izan duena eskaintzeko zerbait duela. Miresten ditut, berez.

Askok pentsatu ere egin beharrik ez dute izango ze jarrerarekin doazen oholtzara, eta guk hamaika bertso eskola igaro ditugu jarrera egokia aurkitzen, egoerak ez gaitzan bere gain hartu, ezta epaileek eta publikoak ere. Beldurra gogo bihurtu, gorpuzkera egokia bilatu eta estrategia bat planteatu; bertsolari askorentzat bertso-eskoletan hori egitea surrealista izango da seguruenik. Hala bada, beharrik ez dutelako izango da, beraien neurrira egindako eraztuna lez sentitzen dutelako plaza, ez dituelako plazak kolpez kolpe txikitu.

Hala ere, Btik Arako bidea polita dela uste dut, elkarrekin eginda. Zure ahulezia eta indarguneetaz jabetzea; non eta nola, ze irizpide objektibo eta subjektiboz epaituko zaituzten ohartzea; doinu batzuekin besteekin baino txalo gehiago jasotzen dituzula konturatzea; segurtasunarekin kantatuz gero bertso txarrak ere txalotzen dituztela jakitea; eta horri aurre egiteko tresnak garatzea.

Nor animatzen da nirekin doinuak hautatzerako orduan ez amore ematen ikasteko praktikatzera? Eskuak poltsikoan edo atzean jarrita kantatzen probatzera, bietako zeinetan daukagun presentzia gehien ikustera? Besteak imitatu gabe norbere ahoskera bilatzera? Triste gaudenean saio umoretsuetan kantatzen ikastera?

Hori dena egin behar ez duzuenok, denbora galtzea dela uste duzuenok, ze zortea duzuen.

Hobe nuke txorradak utzi eta bertsoan zentratu. Ja.

Hitzak soilik baloratzen dira