Aitor Servier
Aitor Servier

2017-10-17

Hiru puntu suspentsibo

Hiru puntu suspentsibo –

Bertsolaritza gehiagotan iristen da lagunarteko hitz aspertuetara txapelketa nagusiaren garaian. Ohartzerako zuregana itzuli dira soak, elkarrizketaren erdigunea bilakatu zara ezinbestean. Jakin-minez galdezka hasi zaizkizu nehoiz bertsoaz interes mikorik erakutsi ez dutenak ere; aritua, adiktu izana eta haien ustez aditua zaren horrek soilik jartzen ahal baitiozu azken puntua haien ezjakintasunari.

Hiru puntu suspentsiboTxapelketa nola doan galdegin dizute azaletik, eta zuk, xehe-xehe aletu dizkiezu kanporaketetako gorabeherak, disko antologiko bati buruz edo idazle miretsiaren azken eleberriaz arituko bazina bezala : bihozkada biziki inpartzialak, gaien bidegurutzeak eta gurutzebideak, ofizioak teilatutik hastearen arriskuak, auto-erretratu ideologikoak, aitak berriz kontatzeko moduko istorioak edo noiz hesten ditugun begiak mediokritatearen aitzinean. Zure harridurarako, ez du iduri bertze lau urtean hitzaren kirol nazionala zurekin ez aipatzeko erabakia haien baitan mamitzen ari denik.

Txapelketen fenomenoa hartu du batek hizpide, bai, kirol nazionala omen.Txapelketa nagusia munduko futbol koparekin eta gazte sariketak teniseko openekin alderaturik gustura gelditu bide da. Hurrengoak txin-txin diruaren mahai-inguruan entzunarazi duenez, saioan erdietan dohainik kantatzen duzula azaldu behar izan duzu. Bertsolarien estatusari buruzko teoriak, elitea eta Lankuko kontratazio-prezioak ere ezin izan dituzu aipatu gabe utzi. Handik minutu batzuetara, aurtengo txapelketaz zerbait badakiela adierazi dizu lagunak, euskararen lurraldearen lau ertzetara iristeko apustua gogotik txalotuz.

Adiskideen bertze zirkulu batean berriz, txapelketako saioetan, bertso-afarietan eta ekitaldietan botatako bertsoen arteko aldea zertan datzan argitzeko eskatu dizute. Epaileen edo entzuleen puntuen bila joatearen arteko tentsio sortzaileaz, « zenbat bertso txar bota behar den bertsolari izateko » aitorpenaz eta buruz ikasitako bertsoek eragiten duten bertigoaz solastatu zara, bizipenen mintzoari bidea egiten utziz . Azkenik, « bertsolari ona zara ? » galderarekin egin duzu topo. Zure buruari ez diozu bertsolari titulurik aitortzen, « saiatzen naiz » erantzun diozu  eta edozein artista definitzeko hutsala den ona kontzeptuari helduz, « badira ni baino anitzez hobeak » lehor batekin utzi duzu laguna zintzilik.

Zertan ukatu? Autoestima hobetzen dizu lagunek ere zure aho biko laban partikularrari buruz  gehiago jakin nahiak. Elkarrizketen erdigunean egotera ohitua ez izanik, plazera izaten dira arrakasta minutuak. Bizkarrean emandako kolpetxoak eta laster arteak samurragoak begitantzen zaizkizu. Txapelketako emozioen bulkadaz, zure bertsokera arta handiarekin lantzeari ekin behar diozula agintzen diozu zure buruari. Baina bertsotan egiteko estilo bat, begirada bat edo tonu bat zizelka daitekeen gisara, ertz ugari dituen izaera zizelkatzea artea ere bada.

Bizitza eta bertsoa ez baitira parentesi bat, hiru puntu suspentsibo baizik…

Hiru puntu suspentsibo