2018-05-28
Hiru dimentsioetako bertsoak
Hiru dimentsioetako bertsoak –
Bertsoaren zailtasun handienetakoa da gaia entzun eta pertsonaiek pentsatu, egin, esan, sentitu, usaindu… dezaketenaz ebidentzia aberatsak ematea. Hitzetan eta ideietan geratzen den bertsoa neurri batean bertso hutsa dela esango nuke. Ni ez naiz bereziki abila horretan; horregatik estimatzen ditut bertsoa abstraktutik konkretura eramaten duten bertsolariak, hitzetatik irudietara, ekintzetara, usaimenetara…
Gu gaztetxo ginela helduen gaiak erabiltzen genituen bertso-eskolan. Oso ideologikoak batetik ―politikoki zuzena kantatzera aisa eramaten gintuztenak― edo gaztetxo baten bizipenetatik urrun zeuden egoera eta ikuspegiak bestetik ―inertzietatik kantatzera eramaten gintuen horrek―. Halakoxeak ziren Eskolarteko Txapelketetako gehienak ere: Eskola utzi eta lanik gabe zaude. Afrikara joateko erabakia hartu duzu behartsuei laguntzera. Zure lagunei arrazoiak esplikatzen hasi zara. Edo beste hau: Zu A, neska zara; zu B, berarekin zabiltzan mutila. Neskak mutila zinera gonbidatu duzu baina pelikula berde bat ikustera.
Izugarria da arlo honetan bertso-eskoletan egin den lana. Hausnarketa sakona egin zuten Bertsozale Elkarteko Transmisio sailak eta hainbat irakaslek. Gaur egun, gazteentzako gaiak jartzen dituzten gehienek hauen bizipenetatik ahalik eta gertuen dauden egoerak bilatzen dituzte. Gaien kontestua ezaguna izateak neska-mutil gazteei erraztu egiten badie ere gaiari dagozkion erreferentzia errealak bertsotara eramatea, hor jarraitzen du ideologiaren eta xehetasunen arteko arrakalak. Bertsogintzan hainbeste garatu zen “azken arrazoiaren garrantzia”, ezen kosta egiten baita moralik gabeko bertsoaldiak osatzea.
Bertsoa burutik gorputzera, ekintzetara, emozioetara… ekartzen lagun lezake gaia hitzez baino modu osoago batean eskaintzeak: bertsolariari gorputz-jarrera bat hartzeko esanda ―esaterako, ikasle roletik ez da gauza bera irakaslearen pare zutik kantatzea ala eserita―; gaia kontestualizatuko duten irudi batzuk erakutsita; gaiarekin lotura duen eszenografia txiki bat sortuta; egoera beraren bizipen ezberdinak azalduta… Bertsolariari gaia sentitzen, ikusten, matizatzen, kontraesanak biziarazten… lagunduko diote; gaiarekiko erreferentziak aberastuko zaizkio; bertso ikusgarriago eta ukigarriagoak osatu ahalko ditu; eta batez ere, errazago sartu ahalko da gaiaren geruza sakonagoetara. Azken hau iruditzen zait interesgarriena.
Hona hemen aurtengo Bertsulari Gazteen Xapelgoko finaleko hiru gai. Internetetik geroz eta gauza gehiago erosten dituzula ohartu zara. / Hodeik goizero oren bat pasatzen du ispilu aurrean lagunekin elkartu aitzin. Elixabetek bost minutu aski ditu. / Bi irakasle zarete. Zuen ikasleei etxeko lanak ezarri ala ez eztabaidan ari zarete. Zuk, Irati, uste duzu hobe dela etxeko lanak ez ematea; zuk, Ekhi, uste duzu etxeko lanak ematen segi behar dela.
Zergatik ematen ditugu gaiak hitzez bakarrik? Hitz hauetatik haratago, zerk lagunduko luke bertsolarien irudimena pizten, zabaltzen, osatzen? “Teatro” izatera iritsi gabe, hobekuntzaren bat edo beste proposa liteke gai hauetako bakoitzean? Eta gaiak hitzez ematen hasita, zergatik erabiltzen ditugu hainbeste kokapen absolutu eta orokorrak? Ñabarduraz beteriko hiruzpalau lerrok ez gintuzke gaiaren hiru dimentsioetan errazago sartuko?
Bidetxoa egiten hasteko, esperimentazio-gune bikainak iruditzen zaizkit bertso-eskolak.