2024-09-04
Hiru bertsolari nafar
Azken hilabeteetan Miren Artetxerekin batera aritu naiz Nafarroako bertso-eskoletan hiztun berriek dituzten bizipenei segika; bertso-eskoletako datuak aztertu eta Nafarroako gune soziolinguistiko ezberdinetako bertso munduko lagunen diskurtsoak aditzen (eta geure aurreiritzi propioak identifikatu eta deseraikitzen). Ez naiz luzatuko lan horretan aurkitu ditugun gakoak aipatzen, baina bide zinez interesgarria izan da. Kontuak kontu, erran gisan, irakaspen prozesu ederra izan da geuretzat. Batzuetan gertatzen da zerbait ezagutzen duzunean gero ezin dituzula gauzak lehengo perspektibatik begiratu (eta eskerrak), eta niri honekin horrelako zerbait gertatu zaidala uste dut.
Hiru bertsolari nafar –
Norbere burua definitzea ariketa zail xamarra izaten da, eta ibilian-ibilian joaten zara deskubritzen zenbat aldagai dituzun zeure baitan; eta aldi berean, zer dakarren eta non kokatzen zaituen horietako bakoitzak. Erranen nuke orain gutxi ohartu nintzela zer eta nola eragiten zidan niri neure baitan erantsita nuen euskal-hiztun-zahar kategoria horrek. Bertze etiketa batzuek hiztun gisa edo bertsolari gisa autoritatea kentzen zidaten moduan nola horrek eman egiten zidan leku eta une batzuetan. Burbuila batetik ateratzea bezalakoa izan zen deskubrimendua; orduan ohartu nintzen bertso mundua ez zela nitakoez soilik osatzen, eta bizipen eta errealitatea anitzez gehiago egon bazirela bertan (eta gehiago egoteko bide berriak irekitzea premiazkoa dela).
Geroztik, saio bakoitzean aritu naiz ikasitakoak gorputzera eta buruko eskemetara ekarri nahian. Entzulegoa analizatzen, inguruari erreparatzen, errandakoak eta aditutakoak xehatzen. Adibidez, orain egun batzuk justu Zangozerriako eskualdean kantatzea tokatu zitzaidan. Hiru bertsolari nafar aritu ginen kantuan, besten aitzinetik antolatua zuten aste kulturalaren baitan. Uste dut txapelketaz gaindi eskuko hatzekin konta nitzazkeela bertsokide nafarrekin soilik egin ditudan saioak. Gehienetan izan ohi da gutako bakoitza saioko nafarra, eta hasteko hargatik zen berezia niretzat hitzordu hura.
Saio aitzineko trago-solasaldian aipatzen aritu ginen nola nahiz eta nik lehen aldia nuen han, bertze bi bertsokideak aitzineko urteren batean izan ziren bertan, eta nola urtero ahalegintzen diren euskara taldeko kideak batez ere bertsolari nafarrak ekartzen urteroko zitara. Uste dugu hurbilagoa zaizuela inguru hau, jendea, edo hobeki konektatzen ahalko duzuela herritarrekin. Eskertu nuen horrelako plaza bat probatzea. Ikusi nuen eremu hartan kantatzen laugarren aldia zuen bertsokideak jada herritaren bat ezagutzen zuela, eta neure baitan pentsatu nuen “herri honetako norbaiti bertsolari baten izena eskatuko banio honena botako luke”. Haientzat, gu ginen bertsolariak, eta hori niri behintzat, ez zait beti gertatzen.
Nafarroako herri bakoitzean, gune soziolinguistiko bakoitzean, bertsolari ona eta euskal hiztun ona nor den ikustea ariketa mamitsua da. Egun Euskal Herriko zein Nafarroako gazteen erdia baino gehiago dira hiztun berriak, baina neure esperientzia propioz ikusi dut plazaz-plaza dabiltzan bertsolari hagitz gutxi direla hiztun berriak direnak. Zer gertatzen da hor? Non dago edo daude hiztun kategoriekiko galbaheak? Behin eta berriro jartzen zaizkit parez-pare oraindik ere Nafarroan barrena kantatu aldiro ikerketan landu ditugun bide-lerro ugari. Oraindik ere (edo behingoagatik) honetaz solastatu behar garenaren seinale.