Haize Lekuona
2023-05-09
Hil-argia
Hil-argia –
Bertsoak eta ilustrazioa: Haize Lekuona
Doinua:Loriak udan
Batzutan zaude mehea eta
besteetan zara puzten
Batzutan janzten zara osorik
besteetan erdiz biluzten
Oso gutxitan uzten didazu
azala guztiz ikusten
Baina badakit ez dela erraz
norberaren erakusten
Usu ikusi ohi ditut nik
zure izkin ta bazterrak
Txikiak edo handiak dira
zure larruko kraterrak
Nahiz zauri edo orbainak diren
denak dituzu ederrak
Nork dizu horrenbeste min egin?
zein gertakarik, zein gerrak?
Nolaz hain urrun egonik ere
dena duzu kontrolatzen
Itsasoak zu aldatu eta
du guztiz burua galtzen
Otsoa ere zure presentziaz
da segituan ohartzen
Nik ere lodi zauden horietan
ez dut lortzen loak hartzen
Nahiz ez duzun oiraino ikusi
gu gara aski berdinak
Nik ere dauzkat zuk zeuk bezala
nire fase eta minak
Biok gabiltza dirdiratzeko
eginez ahaleginak
Biok ditugu alde argiak
edo ikusi ezinak
Batzuetan dena gehiegizko da
behar dut deskonektatu
Arrapaturik sentitzen naiz ta
behar nuke eskapatu
Hortako dizut inbidia pixka bat
ta ezin dizut ukatu
Nik ere nahi dut zure erara
batzuetan eklipsatu
Bakartiaz gain da heriotza
bezainbat hotza dena
Ez du berezko argirik eta
hori dauka segur pena
Zara Ekiaren argi hila
gauez berpizten duena
Hortako zara zu “hil-argia”
izendatu zintuztena