2019-07-25
HemenChe
HemenChe –
Antillak zintzilik daude argazkien paretetan, eta Che-k harrituta begiratzen du pareko aldarrien paretatik (eta turisten nikietatik, eta adinekoen tatuajeetatik, kotxe klasikoen pegatinetatik, iraultzaren plazatik, eta malekoiko estoldako muraletik). Bai, hona ere iritsi da zalapartaren berri. Konexio faltak eragindako atzerapenarekin, ez dut ezer berririk esateko bertsolari baten aurka deitutako boikot kanpainaren harira, ez bada antolatzaileak txalotzea jarreragatik, Elkartea babesagatik, eta Onintza bera ausardiagatik.
Airean utzitako zalantza batek zer aireratu duen sinesten kosta egiten da. Komunikazio akatsa dirudi, gaizki-ulertua esaten zaiona, edo ezin ulertua, hobeto. Eta ezin ulertu hori ulertu nahian daramatzat egun batzuk, neronek ere, iraultzaren museotik bueltan. Liburuetan irakurri ez genuen lerro hura zein ote zen, zer lerro artean irakurri beharrekoa, eta zer agertu ez zena.
Edo zer den mina eragin duena. Gonzalez Castro (1989) adituak hiru multzotan nahasten ditu komunikazioan gerta daitezkeen oztopoak: lehenik, gnoseologikoa edo jakintza faltak eragindakoa legoke; bigarren, objektiboa, kodeari, hizkuntzari, kanalari lotua. Ez dirudi denok hain ondo ikasia daukagun erreferente horren erreferentzian galdu garenik, ez dirudi artikulua hitz mailan ulertzeko zailtasun objektiborik egon denik. Orduan, interpretazioa al da kontua? Gonzalezek aipatzen duen hirugarren oztopoa sozio-psikologikoa da, alegia, ideia bat aldaezintzat barneratu dugunean sortzen dugun blokeoa, hori alda lezakeen edozein mezuren aurrean.
Eta Chek betiko keinuz begiratzen dit hormetatik (eta nikietatik, eta pin-etatik, eta pegatinetatik, plazatik, muraletik …), kezkaz, bekainak apur bat zimurtuta, arreta osoa ortzi-mugan duen pentsalariaren begiradaz, edo miopeek urrun dagoen laguna ezagutu nahian hartzen duten jarreraz. Eta nik ere harriduraz itzultzen diot begirada, eta gustatuko litzaidake pentsatzen duena entzun ahal izatea.