2017-11-29
Hasierako agurrak: asmo-adierazpenak
Hasierako agurrak: asmo-adierazpenak –
Saioko lehen agurrean, bi foku izan ohi ditu bertsolariak. Batetik, garaitsu horretan gizartean gertatzen ari denetik zer nabarmendu nahi duen azpimarra dezake. Bestetik, publikoari eman nahi dion mezua zein den agertzen du. Lehen foku hori ez da agur-bertso guztietan ageri; bigarrena, ordea, ia guztietan aurki genezake. Baina publikoari zuzentzen zaionean, funtsean, bertsolariak bere buruari ematen dion mezua kantatzen du. Txapelketan, inon baino nabariagoa da hori. Ikus dezagun, beraz, Txapelketa Nagusiko orain arteko finalerdietan bertsolariek beren buruari zer mezu eman dioten.
Urriak 28, Bastida. J. Uria: Izan nahi dut hautagai bat ahula eta minbera / iritsiko dena zuek / denak bereganatzera / ofiziotan akaso baten bat haserretzera / ta bakarka izatera / denak erne ta artega (…); S. Colina: (…) bideak ez ukatu arren herentzia / ezagutu aurretik juezen sententzia / deklaratzera nator independentzia!; N. Gabilondo: (…) Beraz, gogotik egin dezadan dagokidan ahalegina / ez diezadan gauean esan: “Hobe joan ez bazina!”; A. Laburu: (…) baino bertsoz ekarri nahi nuke hurrera / sagarduan txinparta arduan lurrera!; J. Martin: (…) deskortxa gaitzazue ta gugandik edan / ea kantatzen dugun mozkortzeko eran!; I. Elortza: (…) bagatoz zirti ta zarta / geure lekua irabaztera binaka ez bada bakarka!
Azaroak 1, Irun. M. Arzallus: (…) berdin-berdin zait nundarra / hipsterra, punka, makarra / guztiengana iristea da nahi dudan bakarra.; A. Karrika: Arratsaldeon entzule maite Aimar da nire izena / batzuk sufritzen duten lekura gozatzera datorrena / arratsaldeon epaile zuri ni naiz pasa den azkena / ahal bada hurrengo fasera berdin pasa nahiko ez lukeena (…); U. Agirre: (…) baina bertsoa gauza soila da erantzun xume bat gaian / kantatzen dana plaza betian edo elkarteko mahaian / aurrean degun entzuliari txinparta bat piztu nahian.; M. Lujanbio: Gaur ta hemen nahi degu mundua kabitu / seiok bat, eskopeta ta txilibitu / muga omen den herrian mugaz gain abitu / hildakoen egunez sortzen atrebitu / euskara handitu / kritiko aritu (…); A. Sarriegi: (…) baina saio hauek mugak ahaztuta egin behar dira / bi aldeak ondo zainduz eta aurrera begira.; A. Martin: (…) hola sentitu nahiko nuke gaur Irungo kiroldegian / piszina baten barruan baina itsasoan igerian.
Azaroak 4, Maule. E. Lekue: (…) kantau gura dot kantau ez dodan lez iñon / izenari ohore ia egin neikion.; B. Iguaran: (…) gero irtenik / “ez nian uste” entzun nahi det nik / “hainbesterako kapaz hintzenik”.; B. Gaztelumendi: (…) Gu hitza gera, bakoitzak bere papera daukanez hontan / kendu ditzagun apaingarriak ta egin dezagun bertsotan.; N. Ibarzabal: (…) lasaitu ta errepikak gogotsu abestu / ta ahal bada potoetan kopetik ez beltztu / gainerako guztia utzi gure esku.; J. Soto: Txapelketa prestatzen egiten duzun lana / da aukera eder bat bil zaitezen zugana / ausnar dezazun bizitza eta zure izana / ia Mauleko oholtzan nigandik zuengana / erakusten dizudan egin dezakedana / eta nik ikusten dudan barruan daukadana.; N. Elustondo: Arratsalde on Maule hauxe da plazerra / tokia ta taldea dena da ederra / sutan jarriagatik whatshappa, twiterra / gu bertsotara gatoz ta hau ez da gerra.
Azaroak 12, Durango. M. Artetxe: (…) horma garden arteko eskaparatera / kristalezko sabaian kax-kax egitera.; M. Amuriza: Otso emeak bere kabian zuhaizpean katamotzak / hurbil sumatzen dituenean ehiztarien hanka hotsak / haginak bere modura diz-diz agertzen ditu bakotxak / ta ez dute egiten irribarretsu hartzeagatik arrotzak / hemen be usaintzen da arriskua estutu daiguzan hortzak.; A. Mendiluze: (…) hankutsik gatoz eta oinak mingainean / zuek gure sarea zeraten heinean / dantza egingo degu sokaren gainean.; I. Apalategi: (…) txartel bat erosi nahian azken geltokira nator / beharbada umil baina tokatzen bada oldarkor / lehendabiziko bagoian Amets pasa da pentsakor / baina beste zazpirentzat badaude asientuak hor.; J. Maia: (…) buru handi honetan sartu zait finala / eta egin det agur bat orijinala: / Gora BEC, ojala! / Gora BEC, olala! / Estutu uhala / benga, banoala! / Ta azkenak atea itxi dezala.; O. Iguaran: Euskal kulturaren tenplu hontara sartuta / ardatza jarri dezagun ertzei zuzenduta (…).
Azaroak 19, Amurrio. J. Maia: (…) Bihurtu nazazue Jon Maia bider bi!; N. Ibarzabal: (…) hobe jokoan daukagun dena jolasean be balego (…); J. Martin: (…) garaia badut dema guztiak uzteko / itxi azkeneko / saio hau perfekto / halere BECeko / aukerak tarteko / ea bihurtzen dudan azken aurreko!; B. Gaztelumendi: (…) baina oholtzatik hasi eta zuengana / dagoen bidea da inporta zaidana!; E. Lekue: (…) Amurrion bertsoak ta Milagroak Lurdesen!; S. Colina: (…) jarri ditzadan oinak zeruan eta errimak zoruan / ta ea hegan egin nezakeen korrika hasteko orduan!
Azaroak 26, Donibane Lohizune. M. Lujanbio: (…) Hau azkenera iristear da ta bon, bon, en fin, en fin / gure gogoa bide zati hau bihurtzea ahaztezin.; I. Elortza: (…) dakienak egiteko egunak hauek omen / (…) Donibanen nire goia jo nahi dut ahalik goren / ea handik hau guztia ze ederra dagoen.; J. Uria: (…) ahal dela ez amildu / zuengana hurbildu / ta puntuak bildu / ta horretarako gogoz gatoz beti gu / beste gauza guztiak berdin zaizkigu.; J. Soto: Noski ni ere tentatzen naula BECeko oholtza bazterrak / ta hara heldu nahi nukeela gaurko bertsoei eskerrak / baina aurretik daude hamahiru kanporaketen plazerrak / guztiak ere finalak eta guztiak ere ederrak.; I. Apalategi: (…) zuek bete zaitezten gu hustuko gera.; A. Laburu: (…) finalisten porra bat egin gendun guk´e / baina izen bat pozik aldatuko nuke.
————————————————————-
Sinesten duenaren eta sinestu nahi duenaren arteko muga horretan daude hasierako agurrak. Gauza gehiago ere kantatzen ditu bertsolariak agurrean, baina zaila da bere buruari emandako mezurik gabeko agurrik topatzea txapelketan. Halere, egon, badago bat edo beste…
Goazen jolas egitera. Finalerdietako bertsolari guztien mezu-itxurako bertso zatiak bildu ditugu hemen. Gehienak bere buruari emandako mezuak direla, ez dut zalantzarik. Baina bada bakarren bat, hala ez dena. Eta beste bat edo beste, zalantza eragiten didatenak. Irakurri berriro mezuak eta pentsatu zein diren, zuen ustez, bere buruarentzako mezuak ez direnak. Eta garrantzitsuagoa dena, zergatik ez dion bere buruari mezurik eman…
Iruñeko agurretan ere izango da asmo-adierazpenik…