Aitortzen dut bakarkako lanak ez ditudala hagitz gustuko. Ofizioka aritzea bai; bertsotan, koplaka, puntuka,…baina gai zabal bat jaso eta ia hutsetik sortzen hasi behar hori …uf! Entzuleak harrapatuta gelditzeko moduko gai sinesgarri bat topatu, neurri luze bat hartu, antzinatik inork bota ez duen ideiaren bat ekartzen saiatu… sekulako nagikeria sortzen dit. Garai batean bakarkako lanak errazagoak ziren: “Etxalarko usategietatik pasatzen ari zaren usoa zara.Hiru bertso azpian dauden ehiztariei”. Horrela bai! Hiru ideia lotu eta pim-pam-pum, bertsoak eginak.
Hasiera bat –

Zein da kontua? Ba, bertsolarien ehuneko handi bati gertatzen zaion gisan, nik ere ez dakidala ezetzik erraten.
-…bai, tira, Ekhiñek ez du jarraitzerik izanen eta…ia prest ote zeundekeen…hilean behin…nahi duzunari buruz, nahi duzun moduan….
-..bai bai, noski..lasai, arazorik ez! Zerbait eginen dut! (eta barrenetik “Julen, non sartzen ari zara?”)
Eta halaxe, hemen gaude! Abentura berri bati ekiteko prest.
Zeri buruz idatziko dut? Ze ekarpen egin diezaioket nik irakurleari? Azaletik idatziko dut? Zenbait gaietan bustitzen ausartuko naiz? Prosaz eginen dut? Bertsotan? Ze nezesidade orain honetan hasteko?… duda aunitz; sobera, gauza onerako!
Hasierak aunitzetan ez dira errazak izaten: lehen lan eguna, sendatze-prozesu bateko lehen osatze- saioa, dolu-prozesu baten hasiera, astelehenero abiatzen den dietako lehen orduak, Batxilergoko lehen hilabeteak, maratoi bat prestatzeko lehen entrenamendu saioa (hau ez dakit ziur, hala omen)….
Kontuak kontu, hau ere, hasiera bat bertzerik ez da. Eta ez, izenburuak hala iradoki arren, Hamarreko Handia ataleko lehen zutabe honetan ez dut Gorka Urbizuri buruz aritzeko asmorik. Agian, antzinara begira, tarteren bat eskaini ahalko nioke, baina gaur ez da eguna.
Hasierak aunitzetan ez direla errazak izaten erran dut baina, egiari zor, lantxo hau idazten hasi aitzinetik, burukiarekin kontsulta batzuk egiteko aukera izan dut, eta ongi pentsatzen jarrita, badira errazak ez ezik atseginak izan daitezkeen hasierak ere: hainbertze esperotako oporraldiko lehen eguna, mimoz prestaturiko bidaia bateko lehen kilometro horiek, berri-usaia duen autoa estreinatzeko momentu hori, bikote harreman bat hasi berriko lehen asteak (hau ere, hala omen), …
Espero dut denborarekin, baiezkoa eman nuen momentuan sentitu nuen bertigo gisako hori pasatuko zaidala eta azkenerako gustua hartuko diodala hilean behin lerro batzuk idazteari. Gainera, herrikide baten lekukoa hartzea ere bada motibatzeko aitzakia. Aupa Ekhiñe! Bejondeizula! Lan ederra egindakoa! Zaila izanen dut zuk adinako ekarpenak egiten baina zerbait egiten saiatuko gara!
Gutitan aritu naiz gisako lanetan. Baina aritu naizenetan beti gauza bera pasatu zait: idazten hasi, eta segi,…eta segi,… eta segi…eta azkenerako testua luzeegi gelditu izan zaidala. Eta gero testua mozteko lanak!
Pertsona omen da harri berean bi aldiz erortzen den bakarra. Ez dut ordea berriz hanka-sartze bera egin nahi, beraz, hoberena, gaurkoa hemen uztea izanen da. Ez da amaitzeko hagitz modu originala baina, ze eginen zaio! Hau hasi bertzerik ez da egin. Hurrengo hilerarte!
P.D: Gai-jartzaile taldeetako kideei: Hasierako aipua ez hartu modu pertsonalean. Zinez diot: Aunitz miresten dut zuen lana. Segi horretan! Erraten (omen) den bezala: ez zarete zuek, ni naiz.