Irati Alcantarilla
Irati Alcantarilla

2022-01-25

Harriak eta irriak

Harriak eta irriak –

Doinua: norbere mundu intimo

 

Harriak eta irriak

 

Haur bat ez da soilik haur

bat motxiladun izatean;

ez duenean ikusten

aita gelako atean.

Nik ere nire motxila

jarri nuen bat-batean

eta biluzik sentitu

nintzen eskaparatean.

Asteburutan bixita,

tristura asteartean,

klasekideen galderak 

ez izan arren kaltean.

Ni ere haurra naiz baina

ez beste haurren artean;

ni errepidean nago

eta beraiek parkean.

 

 

Lagunekin hitz egiten

zein den igandeko plana,

ni ez naiz egongo eta

horrek badu bere zama,

jolastera joango dira

beraien aitarengana,

ta gero egingo dute

matematikako lana.

Lagun batek baloi bat du,

nola ez, aitak emana.

Oso zoragarria da

sortu duten harremana.

Etxean dauzkat lagunak,

aitona, amona, ama…

Baina faltan botatzen dut

inoiz izan ez dudana.

 

300 kilometro

garajetik espetxera

gainera erdi biluzik

sartzen naute barrenera;

soilik 40 minutuz

egon gaitezen batera…

Sentimendu uholde bat,

espetxe bat horixe da.

Uniformedun gehienek

dute hiltzaile tankera,

baina iristen denean

besarkada amaiera.

Haur motxiladun guztioi

gertatzen zaigu berbera;

barrezka sartzen garela

eta negarrez atera.

 

 

Lokartzerako Baionan,

esnatzerako Toulousen;

bixita hasi orduko

hasi behar da agurtzen,

malkoak irensten eta

irribarreak isurtzen,

sua pizteko orduan

berriz ere dena urtzen!

Ez dakizue nora arte

ni ere nauten egurtzen,

ez dakit aita ze kirol

egitera zaletu zen…

Zer gustatzen ote zaion,

zerk ote duen beldurtzen?

Nire aita dela dakit

baina ez dut ezagutzen.

 

Bidean galdu ondoren

urtarrila, azaroa,

egun batez nire alde

irten zitzaidan dadoa;

dei batean entzun nuen:

“Aitatxo etxera doa!”

Eta atera genuen

igandetako ardoa,

imaginatu nik ere

hartu nuela tragoa!

Eta ezagutu nuen

nire aita arraroa;

baloiarekin artista

eta kartekin Magoa.

Egun horretan hasi zen

benetako haurtzaroa.

 

Hautsaren alaba denak,

borroka baten biloba,

behin jantzitako motxila

nork eranzten du gerora?

Agian senide hori

aterako da kanpora,

agian etorkizun bat

sortuko dute gustora,

agian haur hori heldu

zoriontsuaren froga

bihurtu daiteke baina,

nora ote doa, nora.

Ahaztuko da distantzia

pasatuko da denbora…

Baina izan nintzen haurra

motxilan geratuko da.

Harriak eta irriak