Manex Agirre
Manex Agirre

2023-05-18

Harreman konplikatu bat

Harreman konplikatu bat –

Zaleak gara gauzak konplikatzen, beti ere ariketa intelektual modura hartuta, noski: gaiak ulertzeko modua aberasteko erabiltzen denean du zentzua. Egoera ugari daude soiltzea edo erraztasunak bilatzea eskatzen dutenak, eta, horietan, utikan.

Tira, sukaldean ari ginen, elkartean, bertso eskolako afaria aitzaki, gauza erraz samar bat prestatzen, arreta gutxi eskatzen zuena, mekanikoa (uler bedi, goiko paragrafoko bigarren egoeraren pareko bat), eta sortu zen perpausa, bertsoarekiko/bertsolaritzarekiko/bertso-munduarekiko dugun harremana nolakoa den, nola bizi dugun, zein ezaugarri dituen sormen-modu horrekin lotzen gaituen hariak. Eta berehala egin zuen elkarrizketak bere bidea: hari hori ez dela sinplea, zuzena, soila, eta korapiloak, txirikordak dituela. Harremana aldakorra dela, bai intentsitatean, bai distantzian, bai subjektu-objektu erlazioan.

Agian lotura du kontuak lotura hori deskribatzeko historikoki sortutako izendapen-kategoriekin. Aipa ditzagun “bertsolari” eta “bertsozale” betierekoak, huts-hutsean erabilita sailkapen-modu zurrun samar bihurtu direnak, edo baita “bertsolaritza” bera ere. Konplikatu  egin baita dena: bertso-sorkuntzara gerturatzeko gero eta modu gehiago daude; bertsogintza zehatz bat gustuko izatea eta beste bat ez jasatea gero eta ohikoagoa da; bertsogintzan aritzen den gero eta jende gutxiago ikusten dut eroso “zu bertsolaria zara, ezta?” galdetuta. Ulertzen dut mundu honen jiran gabiltzan gehiengoaren joera dela harreman hori, nahita edo nahigabe, malgutzera joatea. Bizitza ederregia da prisma bakarretik begiratzeko.

Nik, partikularki, hilabete batzuk daramatzat bertsolaritzarekiko distantzia apur bat hartuta, izan udazken-neguko gainkargaren digestioa luzetxo doakidalako, izan bizitzak agindutako bestelako inguruabarrengatik. Ez da lehenengo aldia, ohituta nago, eta gustuko dut. Osasungarria dela esatera ere ausartuko nintzateke.

 

Harreman konplikatu bat
Karlos Linazasoro (Arg: Tolosaldeko Ataria)

 

Partzialki hitz beste eginez, betor lerrootara, orain gutxi, Euskadi Irratiko Arratsean saioan, Karlos Linazasorori egindako elkarrizketatik (mamitsua eta interesgarria elkarrizketa bera, bidenabar) ateratako pare bat txatal. “Ni ez naiz hamalau” soneto-liburua argitaratu du Linazasorok, eta, poemak sortzeko moduari, sonetoen egiturari, neurriari… buruz ari direlarik, bertsolaritza du aipagai une batean. Ez dela bertsozalea dio, aspertu egiten dela bertsoak entzuten dituenean, bertsolari txarra dela bera.

Ordea, elkarrizketan aurrera eginda, honakoa ere esaten du:

Sonetoak, idatzi ondoren, beti ematen dizu sorpresa bat, ezusteko bat. Bukatzen duzunean, esaten duzu: “joño, nik ez nuen hau idatzi nahi”. Eta normalean izaten da zuk idatzi nahi zenuena baino hobea. Zeren eta nik behintzat ezin dut sonetoa dominatu. Berak eramaten nau ni. Ez dakizu sonetoak zer esango duen eta nola bukatuko den: bete behar dituzu neurri batzuk, hamaika silaba, errima… berak jolasten du zurekin, eta zuk zure buruari utzi egin behar diozu joaten (…) hori eskerronekoa da.

Horra, harreman konplikatuaren beste adibide bat. Posible da bertsozaletzat norbere burua ez hartzea, eta bertsoak berezko dituen hainbat sormen-mekanikarekin liluratzea. “Berak eramaten nau ni”.

Harreman konplikatu bat Harreman konplikatu bat