2018-11-12
Harea mugikorrak
Harea mugikorrak –
Azaroaren 4an (bai, MTVren gala izan zen egunean) hasi zen niretzat Bizkaiko bertsolari txapelketa. Horrelakoetan, saioa amaitu eta oholtzatik jaistean, ohikoa izaten da lagun zein bertsolariekin saioa komentatzea. Berritxukoa amaitu zenean Ander urreratu eta hala esan zidan: ei, Arenas movedizas, zelan? Arenas nire bigarren abizena da. Hitz-joko polita eta ondo baino hobeto deskribatzen duena nola ibiltzen naizen ni txapelketetan. Grazia handia egin zidan. Baina ondo pentsatuta, zer da ba txapelketa harea mugikorretan ibiltzea ez bada? Are gehiago,ez al da bizitza harea horietatik nork bere burua salbatzeko ariketa etengabea?
Denok izango duzue buruan marrazki bizidunetan harea mugikorretan sartzen zen pertsonaiaren baten irudia. Nik sekulako angustia sentitzen nuen ikustean, ikaragarrizko itolarria. Baina nola sartu da hori horraino? Horixe galdetzen diot neure buruari askotan txapelketari buruz pentsatzen hasten naizenean. Zergatik? Zer dauka ba txapelketak? Zer da, ba? Txapelketa dena da. Txapelketa da erakarpena, porrota, beldurra, morboa, egoa, derrigortasuna, epaia, arrakasta, txaloa, txistua. Dena eta ezer ez. Dena ala ezer ez. Ze ondo eta ze txarto. Ze txarto hareak harrapatu eta barrura sartzen zaituenetan; gehienetan agian. Baina ze ondo hareatik irten eta bere gainean salto egitea lortzen duzun aldi bakan horietako bat suertatzen denean. Horrelaxe gabiltza ba. Hareak harrapatuta, batzuetan irten ezinda eta besteetan irten nahi ez dugula. Baina beti hareatan.