2017-12-06
Hankaz gora
Hankaz gora –
Bertsolariak atzekoz aurrera hasten dira, azkenengo puntua pentsatu eta lehenengora salto. Hegazkin batetik salto egiten dute baina behean koltxoia, hau da, azkenengo puntu eder eta borobil bat, daukate zain. Ostean, publikoaren txalo zaparrada, ondo irten zaienaren seinale. Horrela bada, zergatik erakusten digute umetatik dena hasi behar dela hasieratik? Lehenengo ariketa, gero bigarrena… Ipuinaren hasiera kontatu, gero korapiloa eta gero amaiera. Lehenengo gosaria, gero bazkaria eta azkenik afaria. Zergatik ez atzekoz aurrera ikusi bizitza? Zergatik ez postrea lehenengo eta gero lehenengo platera? Bertsolariei funtzionatzen die teknika horrek, agian bizitza errealera aplikatu daiteke…
Ni saiakera egiten ari naiz, baina, atzekoz aurrera bizi baino, hankaz gora dut dena. Gurasoen etxean bizi den ikasle gazte bat izatearen berezko ezaugarria izango al da hau? Gauzak aldrebes irteten zaizkit, postretik hasi eta goserik gabe heltzen naiz lehenengo platerera. Hegazkinetik salto egin ohi dut baina koltxoia jartzea ahaztu ohi zait eta min hartzen dut. Hala ere, oraindik goiz da eta teknika hobetzeko denbora izango dut, hankaz gora bizitzetik atzekoz aurrera arrakastatsu baterako denbora dut oraindik. Horra hor hitz gakoa: denbora!
Bertsolariek ez dute denborarik bertsotik bertsora, arnasa hartu eta bota. Segundo gutxi batzuetan gertatzen da dena. Hegazkina hartu, gerrikoa lotu, aireratu eta koltxoi bigunera salto. Beldurra Check-in-a egin aurretik uxatzen dute, bestela ez lukete saltorik egingo, eta ezingo lirateke atzekoz aurrera bizi. Denbora, ordea, bi modutan uler daiteke, alde batetik objektibotasunaren betaurrekoak jantzita; hau da, 60 segundo minutu bat bezala eta 120 minutu bi ordu bezala ulertuz. Erlojuaren tik-takaren arabera, alegia. Edo bestela, subjektiboki ulertu daiteke, gustura gaudenean hegaz doa eta aspertuta gaudenean, berriz, oso geldiro. Eta denbora ulertzeko bi modu dauden bezala, pentsatzeko bi momentu bereizi behar ditugu nire ustez. Alde batetik, bertso eta bertso arteko segundo horiek, eta bestetik, etxean, kalean, autobusean, klasean, lanean,… gaudenean pentsatzeari eskaintzen diogun denbora. Hori ere bertsolariek egin beharreko ariketa da. Publikoak zer uste du? Berez egiten dutela dena? Etorria izatea lagungarria da baina buruari bueltarik eman gabe ezin hobera egin.
Eta ni ere horretan nabil, buruari bueltak eman eta eman. Irakurtzen edo idazten nagoenean, autobusean, etxerako bidean, klasean,… Nola ekarriko ditut hankak lurrera? Nola bihurtu nire bizitza atzekoz aurrera arrakastatsu baten? Nola jarri koltxoia hegazkinean igo aurretik azkenengo puntua beti ahazten dudanean? Nola ulertzen dut denbora eta nola ulertu nahiko nuke? Tik-taka entzuten dudala esango nuke, baina ez nago seguru, odola ez zait burura heltzen…
Agian hankaz gora bizitzea izango dut onena, eta bertso eta bertso arteko denborak jarriko du dena dagokion lekuan.