2024-11-13
Hanka-luzeak eta aho-handiak
Bertsotan dabilenak aisa lotuko du hanka-luzea hanka-sartzearekin eta gaizki neurtzearekin. Batzuetan gertatzen da ustez hamar-zortzian edo zazpi-seian kabituko den puntu, esamolde edo hitzen bat pentsatu, eta kantatzeko unea iristean, kabitzen ez delako, hamar-bederatzi bat edo zortzi-sei bat behar izatea. Gaizki neurtu izanak hanka sartzea dakar horrelakoetan. Eta handia gainera, disimulatzea ezinezkoa den horietakoa. Poto bat egiten duzunean izango da inguruan ohartu ez denik, baina hanka-luze bat egitean…
Hanka-luzeak eta aho-handiak –
Izan daiteke erlaxatuegi zaudelako, urduriegi zaudelako edo besterik gabe, beti ongi egitea ezinezkoa delako eta batzuetan gertatzea normala delako. Baina gertatzen denean sortzen duen amorrua handia izaten da. Nire kasuan bai behintzat. Hori bertsolariari eta saioak irauten duen bitartean gertatzen zaio.
Izaten dira beste hanka-sartze batzuk saioa bukatutakoan ematen direnak. Ez hanka-luzeengatik baina bai gaizki neurtzeagatik. Bai, saioa bukatu eta oholtzatik jeisteko edo mahaitik altxatzeko denborarik eman gabe hurbildu ohi diren aho-handiez ari naiz. Herri gehienetan, txapelketako saio gehienetan baten bat agertzen da. Neurtzeko batere beharrik sentitzen ez dutenez hanka-sartzen ari direla ohartu ere egiten ez diren bertsozale horiek. Arnas pixka bat hartzen utzi beharrean saioa “komentatzera” hurbiltzen direnak. Borondate onarekin gehienetan, baina…
“Gaur gaizki! Gaur oso gaizki!”, “Gaur egindakoarekin konformatzen ba haiz, gutxirekin konformatzen haiz!”, “ Ni epailea banintz gaur ez zenuke saioa irabaziko!”, “Iazko bertso afarian jendea aurten baino gustorago egon zen”, ”Ez dakit berriz izango zaren gaurko mailan kantatzeko gai”, “Bakarkako hori ez zen bapateko-bapatekoa ee!”…
Bote prontoan etorri zaizkidan adibide batzuk baino ez dira. Batzuk niri esanak, beste batzuk bertsokideei. Askoz gehiago ere izanen dira, noski. Baina, ze nezesidade?!
Zer aportatzeko asmoarekin egiten dira komentario horiek? Nik neurtzeko gaitasun ezarekin lotu nahi izaten ditut gertaera hauek. Bestela asmo txarretan pentsatzen hasi beharko genuke eta… ez dakit ba!
Bertsozaleengandik gertu bizi da bertsolaria. Gertutasun horrek ematen dio ziurrenik bertso saio askori zentzua eta gozada bat izaten da orokorrean jendearen jarrera, goxotasuna eta esker ona.
Azkenean,elkarren arteko komunikazioa da bertsoa eta ematen duen hainbeste edo gehiago jasotzen du bertsolariak bueltan. Ez kantuan ari den bitartean bakarrik. Saio aurrekoetan eta saio ostekoetan ere bai. Tarteka istriputxoak gertatzen dira ordea.
Hau ez dut inor mintzeko asmoarekin esaten, baina benetan,zure burua komentario horietako batekin identifikatu baduzu eta noizbait gaizki neurtu duzula uste baduzu, hurrengorako kontuan izan, mesedez.
Bertsolariak esker onez hartuko zaitu, entzungo zaitu. Baina arnas pixka bat hartzen uzten badiozu eskertuko dizu. Eta zer esan ez badakizu lasai! Ez da beharrezkoa beti zerbait esatea. Batzuetan isiltasunak berak nahikoa esaten du.