Arkaitz Estiballes
Arkaitz Estiballes

2022-12-14

Haize hegoa

Haize hegoa –

“Haize hegoa, gau epela, ilargiaren argi,

mutxurdinak leihoetan, teilatuan katu bi,

bidertzian zenbait kanta gauerdiz arnoari,

argaineko sorgin zaharra keinuka ilargiari”

 

Haize hegoa

 

Haize mota bat baino gehiago daude gure herrian. Haizeteek kalteak sor ditzakete, olatuak harrotu, itsasoa zakartu, itsasontziak hondoratu… neurriko haizeek energia sor dezakete, olatua hartzen lagundu surflariari, gure bisaia ferekatu… haizearen kontra egin daitezke gauzak, bai, baina errazagoa da haizearen alde egitea. Haizeak nahi ez duzun tokira eraman zaitzake, lagun duzunean ordea, txapela janzteraino ere eraman zaitzake. Ikusteke dago Iruñean haizeak nondik joko duen. Gure herrian, Iruñean haizeak jotzea ere ederra da, besteak beste!

Eskualde geografiko bateko klima, gehienbat, eragiten duten haize orokorren ondorio da. Mendebaldeko haize orokorrek zeharkatzen dute gu gauden eremua. Urtaro bakoitzean eragin desberdina dute mendebaldeko haizeek. Neguan, ur-lasterrak, “jet stream” ak, latitude nahiko baxuetan zirkulatzen duenean, 30 eta 40 gradu bitartean, mendebaldeko zirkulazioak eta depresioek eta fronte hodeitsuek asko eragiten digute. Udazkenean eta udaberrian, aire-fluxu horrek indarra galtzen duenean eta uhinduago bihurtzen denean, eguraldia aldakorragoa egiten da normalean, hegoaldeko korronte beroak nagusi diren asteekin, eta ondoren iparraldeko haize heze eta freskoak jotzen duten beste batzuekin. Udan, mendebaldeko haize-fluxu orokorra iparralderantz urruntzen da eta ahuldu egiten da. Orduan, Europako hegoalde osoari eragiten diote maiz ipar-mendebalderantz hedatzen den Azoreetako antizikloiak eragindako lasaitasunak eta eguraldi onak. Egun askotan, Euskal Herria antizikloiaren ekialdean dagoenez, udako haize nagusiak iparraldekoak dira eta eguneko brisak indartzen dira. Iruñean abenduaren 18a, udaberria ote? Aldaketa garaia akaso?

Gure ingurune geografiko honetan, neguko haizeak, bai iparraldekoak bai hegoaldekoak, udakoak baino askoz indartsuagoak dira. Iparraldeko haizea da ohikoena, eta ondoren ipar-mendebaldeko haizea. Hego haizea da haizerik bizkorrena. Bestalde, neguko erdialdeko hilabeteetan izaten dira haize gogorrenak. Iparrera egingo ote du txapelak hegan? Edo hegora?

Hego haizea, Euskal Herriko ipar isurialdean oso ohikoa den elementu klimatikoa da. Hego haizea edozein hilabetetan ager daiteke, baina egia da urria-azaroa bihilekoa dela hegoaldeko haize indartsuen aldi luzeenak izan ohi dituena. Hego haize-egoeretan, ezaugarria da euskal zeruan fisonomia lentikularreko kumulu altuak agertzea, geldirik daudenak, nahiz eta benetan aire-korronte azkarrek zeharkatzen dituzten. Beste kasu batzuetan, hego-haizeko edo hego-mendebaldeko egoera oso iraunkorretan, zerua garbi dago, urdin garbi eta sakonarekin. Jakingo du mendebaldekoak hego haizearen indarra abendura arte probesten? Txapela buruz aldatzeak enbata lekarke? Galerna?

Abenduan galernak ez dira ohikoak ordea. Galernak gure herrian, haize tipikoak dira, bereziki Kantauri itsasoaren hego-ekialdeko kostari eragiten diotenak, eta, batzuetan, nahastu egiten dira ipar-mendebaldeko ohiko ekaitzekin, Kantauriko kostalde osoari eraginez. Martxotik urrira bitartean enbatak egon daitezke, baina ohikoenak udako hilabeteetan gertatzen dira, hilean bi inguru batez beste. Galernak arratsaldean izaten dira gehienbat, baina gaueko enbatak ere gerta daitezke. Iruñean arratsaldekoan etorriko al da galerna edo goizetik haizeek bare joko dute?

Abenduaren 18an Iruñean txapela jantzi nahi duenak haize asko beharko ditu alde, iparrekoa bezain hotz jokatu beharko du une zailetan, mendebaldekoaren ziurtasuna izan, hego haizearen fereka sentitu eta arratsaldean… arratsaldean enbatari aurre egin edo galerna sortu! Maialeni txapela kendu nahi dionak, haizeak ondo probestu beharko ditu! Badira haizea alde izaten duten bertsolariak eta haizearen kontra borrokatu behar izaten dutenak, azken talde horretan sartuko nituzke…

Bustitzea nahi duzue? Beraien ibilbidean, bereziki haizea alde izan ez dutenen taldean sartuko nituzke Aitor, Alaia eta Sustrai. Sarritan haizearen kontra jardunak, haizea norantzaz aldatu eta alde jartzeko gai direnak… edo azkenengo haize boladatxoa falta izan zaienak. Esango nuke aurten hain kontra ere ez dutela izango korrontea. Haizeak kapritxosoak dira batzuetan eta gutxien espero dugunean sortzen da galerna.

Dena den, aurtengo zortzikotea izugarria iruditzen zait ikuspuntu guztietatik, haizeak lagun bekie! Maila kolektiboan, helburua beteta dago, errematea baino ez zaio falta. Euskararen haizeak indartsu jo dezala zazpi haizetara!

Haize hegoa Haize hegoa Haize hegoa