Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2019-04-23

Haatik

Haatik –

HaatikDenbora generaman bertsolaritzan emakumeen presentzia (ausentzia, alegia) ulertu nahian. Lan ugari egin dira, esparru publikoan agertu ez arren, izan baziren emakume haien bertsoak berreskuratzeko, edo esparru pribatura mugatzen zituen testuingurua ulertzeko. Badaukagu ulertzeko beste marko teoriko eta badauzkagu ondorioztatzeko beste froga enpiriko. 
 
Ikerketa soziologikoak ere puntu kritikoa zehaztuta utzi digu agerian: bertso eskoletan %50aren bueltan gabiltzanok %20raino bakantzen gara 18 urtetik aurrera. Amildegi estatistiko horrek papereratu du soinean daramaguna. Eta konponbidera eraman nahiak galdera baten oihartzuna ekarri du askorentzat lehen aldiz: zergatik uzten duten neskek bertsolaritza?
 
Horri erantzun nahian ere denboratxoa daramagu, UEUko ikastaroak barne, ‘Kontrako eztarritik‘ saiakera barne, gure buruaren kontrako “mundu gerra intimo eta latz”ak barne … Badakigu zenbaterainokoa den hutsune hori egunero eta badakigu salbuespen txiki horren parte garela. 
 
18 urterekin sakontzen den amildegi horren beste aldetik, ondorengoentzat zubi izan nahi dugunok, beste galdera bati erantzun behar genioke agian: zergatik jarraitzen dugu bertsotan? Zergatik ez genuen utzi 16, 18, 25, 37, 47 urterekin?
 
Ba gozatzen dugulako, maite dugulako, asetzen gaituelako, nahi dugulako, hasteko. Nahi ez genuenetan eta gozatu ezina sortu zaigunetan, elkar ulertu, zaindu, babestu dugulako, ere bai, gero. Nahi gaituzten zalantzan jartzen dugunean, segi dezaten nahi dugun guztiengatik ere bai, gerora. Eta amildegian erreskate sare bat ari garelako josten, elkarrentzat. 
 
Hutsune hori berdindu artean, gozatuko dugun eta gozatuko gaituen bertsolaritza baten alde ariko gara, noski, bertsotan ere. Bertsoa pasio bat da, egiten gaituena eta egingo duguna. Haatik.
 
Haatik