Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2016-11-15

Gure gaiak?

Gure gaiak?

Gure gaiak?Komunikazio ikasketak egitean agertu ziguten hedabideek esaten zigutela zer zen garrantzizko guretzat, arreta zeri eskaini behar genion, zeren inguruan eztabaidatu behar genuen. Beraz, gure gaiak zein ziren zehazten dutela hedabideek. Urte batzuk lehenago, beste komunikazio eskola batean entzuna gogoratu zidan; bertso eskolan entzuna, alegia: saio askotako gaiak egunkarietatik ateratzen zirela.

Geroztik, denbora pasa dut saioetan gure gaiak zein diren bueltaka. Egunkarietan azalak futbol partiduei eskaintzen zaizkienean, eta kulturgintzak albistegietako bi minutu eskas hartzen dituenean, bertso-saioetan adi entzuten ditut nazioarteko gaien inguruko ofizioak, bertako politikaren analisiak. Zenbatean ote da bertsolaritza herri baten ahots kritikoa? Eta hori ez bada, zenbatetan egiten du hedabide alternatiboarena?

Nolabait, munduko gertaerei euskararen talaiatik begiratzen die bertsolaritzak; euskal komunitatearen bizipenetatik interpretatzen gertukoa eta urrunekoa. Horrela, herri bateko errealitatetik begiratzen zaio munduari, edo saio masiboen kasuan euskalgintzatik. Esaterako, Xilabak Ipar-Euskal Herrian garrantzizko diren gaiak atera ditu bistara hein batean, hegozentrismoarentzat antidoto moduan.

Azken astean harrituta ikusi dut Estatu Batuetako presidentziarako lehiak nola bete dituen gure hedabideetan ehunka orri eta milaka minutu. Gure diodanean, hemen salduenak eta euskarazkoak hartzen ditut kontuan. Zalantza dut oraindik guretzat hain garrantzitsu ote den presidentegaiek esandako astakeria bakoitzaren berri izatea, Urkulluren inbestidura negoziazioak albisteetan atzetik etortzeko.

Gure gaiak?Gogoz itxaron dut asteburuko saioetan gai hori zenbat eta nola agertuko zen entzuteko; eta sorpresa: Urkulluz edo Jaurlaritzaz ez dut gairik entzun, ez dut bertsolaririk hori aipatzen aditu. Larunbateko bi saio entzun ditut: Amasan Samartin jaietan egindako jaialdia eta Xilabako finala. Lehen saioan, Trump garailearen astakerien inguruko hausnarketa utzi zuen Agirrek, Egaña eta Elortzaren esku (lan aparta, biek ere). Xilaban, aldiz, buruz buruko saioko gaia eskaini zitzaien presidentegaiei, Colina eta Arzallusek karikaturen bidez umorea egiteko erabili zutena.

Bolo-bolo dabiltzan gai guztiak egiten al ditugu gure? Euskaldunon kezken artean ote daude AEBetako politikak? Horri eman nahi al diogu ahotsa? Bertsolari askok lortu dute iritzi sortzaile figura hori, jendeak gogoz entzuten du bertsolariek gai horien inguruan esateko dutena. Baita gai horien inguruko umore eta txisteak ere, nola ez. Beste kontu bat da gai horiei ahotsa ematean beste batzuk alboratzen direla. Zorionez, gure hori gero eta anitzagoa da eta bada oraindik nondik osatua.

 Gure gaiak?