2025-01-20
Gu ez gara horrelakoak, ezta?
Gu ez gara horrelakoak, ezta? –
Joan den astean izan nintzen, aspaldiko partez, futbol estadio batean. Lagun bati hiru sarrera tokatu zitzaizkion eta, doakoa den edozerk motibatzen gaituenez, baietz, joango ginela. Goizean goiz joan ginen Donostiara: paseatu, trago bat hartu, gure mobidez hitz egin, gehiago paseatu, helatua jan, eseri, gainontzekoen mobidez hitz egin, argazkiak atera, kritikatu eta gehixeago paseatu genuen. Juantxon bokata bana jan eta kafesnez betetako kartoizko edalontzi banarekin abiatu ginen Anoetara, paseoan.
Hasieratik sentitu nintzen deseroso, amonaren ganbarako jertse lila eta nire eyeliner urdinetik lerolero-ka ari ziren txuri-urdinei begira. “Hau ez da gure lekua” esan nuen, nirekiko. Baina hori izan beharko zen egun horretan izatea tokatzen zitzaidana, zer erremedio.
Partidua aurrera joan ahala ari zen handitzen sentitzen nuen inpotentzia. Atzera begiratu eta aitona bat ikusten nuen, bere bilobari arbitroa insultatzen irakasten. Aurrera begiratu eta bi ahari nituen parean, baloia oin artean eta buruekin elkar joka. Eskuinera begira jarri eta bi gizon, kamiseta kenduta, elkarri hortzak erakusten. Ezkerrera jiratu nuen burua, lagunengana, begirada konplizeren baten bila, eta desesperazio kutsuko barre urduri bat atera zitzaigun, “zer egiten dugu hemen?” bat ezkutatzen zuena.
Txoriak txori abesten hasi zen jendea geroxeago, eta nahi gabe barru-barrutik atera zitzaidan “eta nik, ETA NIK!” oihuaren ondoren, eseri egin nintzen. June, ixo. Zu ez zara horrelakoa. Ez duzu izan nahi, behintzat.
Hurrengo egunean, une batez, saiatu nintzen imajinatzen hooliganez betetako Nafarroa Arena bat: harmaila bat lololo-ka eta bestea irainka, joka; aitona bat bere bilobari irakasten epaileak nola insultatu; bi bertsolari elkarri iletik helduta, mehatxuka; beste bi bertsozale Puntutaneko kamisetak kendu eta elkarri hortzak erakusten.
Baina ama logelan sartu eta itzuli nintzen nire imajinazioetatik mundura. Eta, beste behin, nire buruarekin haserretu nintzen, apunteei begira deskontzentratu izanagatik.