2022-03-03
Goilarakadak
Goilarakadak –
Doinua: Hamalau heriotzena
Zer ote da bizitza?
zein du arrakala?
Ez da eternitate
baten lehen atala.
Izan zaporeduna
edo naturala,
aprobetsatu behar
dugu nola hala.
Kadukatzen delako
yogurtak bezala.
Kristal baten hatzean
ta beti gertuan,
noizbait irtetzekotan
besteen tratuan.
Eskaparateetan
modu beratuan,
Gizarte baten barne
traba metatuan.
Gu ere bizi gara
super merkatuan.
Ez ote da bizitza
heriotz motela?
Izan ikastegian,
lanean bestela.
Bizitza pasatu dut
osatzen eskela,
Behin ta berriz sentituz
zulo bat badela,
ta etengabe norbaitek
irensten nauela.
Irizten dudana ez
baduzu irizten,
guregan badaukazu
nahikoa sinispen.
Hospitalera bueltak
hastean iristen,
yogurtaren etapan
ez gara berpizten.
Behin tapa irekita
ez da berriz ixten.
Hospitale iluna
genuen alaitu,
erditze gela noizbait
genuela blaitu.
Patua patua da
nahiz eta gogaitu.
Heriotzak nahi badu
gurekin amaitu,
sortu garen lekura
eramaten gaitu.
Bizitza ziklo bat da
ta hara zergatik:
Nahiz eta zaporea
irten norberatik.
Denok bukatzen dugu
tamalez ahatik,
paleatibotako
gure logelatik,
bizitza emateko prest
yogurt batengatik.