Esti Arozena
Estitxu Arozena

2021-02-15

Goazen bertso eskolara

Goazen bertso eskolara –

Goazen bertso________________

Tralari trala __________________

Bertso kantari pasa daiteke

Egun eta ___________________

Soberan dago ________________

Hobe irri ta _________________

_________________bertsolaririk

hoberenak_________________

 

Jarri dezakezu bertso hau arbelean edo pantailan. Kantatu Dozena bat bertso berri doinuan, hutsuneak ikasleei kantaerazi. Ohikoa da azken oina berehala asmatzea eta horrekin gainontzekoei usaina hartzea. Bakarren bat asmatzen ez badute, “ahorcado” jolasa tartekatzen al da. Bukatzeko autodeterminazio eskubidea eta autoestimaren arteko oreka bilatuko lukeen nongotasun bat azkenbigarren lerrorako: Unibertsoko, Mundu osoko, Euskal Herriko, Nafarroako, Malerrekako, Etxalarreko, gure gelako, gure etxeko… bertsolaririk hoberenak_____. Asmatu duzue azken oina?

Bertsoa osatua dagoenean, memoriz ikasteko moduren bat erabiltzen dut nik. Ohikoena arbelean edo pantailan idatzia dagoen bertso horreri hitzak kentzen joatea da. Bertso osoa kantatu, 3-4 oin kendu eta berriz kantatu, lerroko lehen hitza mantendu ta bertzeak ezabatu, azkenean arbela erabat garbiarekin bertsoa kantatzen duten arte. 

Bertsoa eta era berean doinua ikasia dagoelarik hasten da jolasa. Borobilean jarri, ezker eskua ezkerrekoaren eskuaren azpian, eta eskuin eskua eskuinekoaren eskuaren gainean (Don Makarron edo Untxi zortedunaren jolasaren moldekoa).  Lehen txandan irakaslea hasiko da bere eskuin eskua ezkerrean duen kidearen eskuin eskuan jarriko du, harek hurrengoarenean eta horrela bertsoaren doinua eta erritmoa jarraituz, bertsoaren azken silaban ezkerrekoaren eskua jotzen saiatuko da eta azken hau eskua kentzen saiatuko da. Ezkerrekoaren eskuan jotzen baduzu zu zara “gairailea”, ezkerrekoak eskua kendu eta zure eskua jotzen baduzu, ezkerrekoa da “garailea”. “Galtzaileak” bertsoa abesten jarraituko du borobiletik kanpo. Talde jendetsua bada bi borobil egin eta “galtzailea” bertze borobilera pasako da. Galtzearen tristura poz bihurtuz! 

Haur eta gazteen bertso eskoletako lehen eguneko lehen ariketa izan daiteke. Noski jolas honen helburua ez da bertsolariak sortzea; talde identitatea sortuz, bertso bat eta doinu bat ikasiz motibazioa piztea baizik. Proba egiteko moduko ariketa da!

Goazen bertso eskolara

Goazen bertso eskolara