2020-08-27
Goazen bertso eskolara!
Goazen bertso eskolara!-
Azken aste luzeak oporretan pasa dituztenak ere irailera begira jarrita gaude. Martxoan kurtso bukaeraren inguruan deus ez genekien eta hura ere ailegatu zen. Ekainean iraila nola izanen zen ez genekien eta oraindik ez jakinagatik, ailegatu da. Denborak jaten gaitu.
Udaro herriz herriko bestetan makina bat bertso otordu egin ohi dira. Aurtengoan, nire inguruan behintzat ez da halakorik egon eta horren ondorioz jende aunitzentzat bertsorik aditu gabeko uda izan da. Izan ere, zenbat bertsozale biltzen ditu jaialdi batek? Eta zenbat otordu baten bueltan egindako saio batek? Entzulegoan egon ohi diren desberdintasunak agerian daude.
Bertso eskoletan dabiltzan haur aunitzentzat herriko bestak bertsolariak entzun eta aditzeko aukera ederra dira. Nahiz eta helduentzat prestatutako bazkari zein afariak izan gehienetan, ondotik haur kuadrilla bat beti hurbildu izan da gure herrian bertsoak entzutera mahai ingurura. Zenbat sinadura ere eskatu izanen genituen ume garaian saioaren ondoren!
Gogoz gaude berriz ere martxan jartzeko. Nagia alde batera utzi eta aukera berriak probatzeko. Bertso eskolan berriz ere irriz, oihuka edo negarrez elkartzeko. Debekuak debeku elkar besarkatu eta sentitzeko. Aspertzeko eta umore txarra on bihurtzeko. Baina denaren gainetik, elkarrekin aurrez aurre egoteko. Iazko ikasturtea modu telematikoan akitu ondotik argi daukadan gauza bakarrenetarikoa horixe da, bertso eskola nik ulertzen dudan moduan aurrez aurrekoa dela. Denok baitakigu harremanen sarea osatzerakoan internetetik osatzen dugun mundua ez dela berdina inoiz izanen, zorionez.
Beraz, ume baten modura kezkaz eta ilusioz beterik datorren irailari ongi etorria eman eta presta gaitezen nahi dugun doinu eta neurrian herri berria bertsoz betetzeko.