Gorka Pagonabarraga
Gorka Pagonabarraga

2020-02-07

Gezurrei

Gezurrei –

Doinua: Zure bular politak

 

Gezurrei
“Gezurrak zain” (Lie in Wait). Dorina Costrasen margolana

 

Momentuko mesede

gerorako kalte

inguruko lotsati

koldarrenen kate

nahiz eta ezkutatzen

saiatu gaur arte

beste behin gezurretan

harrapatu naute

 

Bizitzak ematen du

zenbait erreparo

zertxobait gordetzea

nork ez du gurago?

egiak isiltasun

gezurrak berbaro

gezur denen atzean

egia bat dago

 

“Bizikidetza heldu

da gure herrira”

edo “lan-istripuak

istripuak dira”

gezur bat ekartzeko

kontzientzia azpira

bi bider entzutea

sarritan aski da

 

Gezurren bat sartu da

etxean ortozik

kezkagarria dena

abila ez ezik

“laztana zer daukazu?

gaur ez zaude pozik

lasai, ez nago triste

nekatuta baizik”

 

Nahiz ta gezurrak entzun

berbatik berbara

sarri ohartzerako

berandu da jada

gutxitan heltzen gara

sasoiz egiara

denbora poligrafo

motelegia da

 

“Trago bat ta etxera”

astero astero

espuela denak dira

erdi enbustero

ez dena sinesterik

ezin da espero

zer diogun edonork

daki honezkero

 

Lau bertso idazteko

saiakera baten

nola guztia ez den

samurra izaten

nahiz ta edozer gauza

idatzi nezaken

paper zuriak ez du

gezurrik esaten.

Gezurrei