2024-05-27
Gernika
Iazko urte bukaeran Zaballako espetxean izan nintzen kantuan. Badakit ez zela bertan egiten zen lehen bertso saioa. Are, azken hilabeteetan ekimen kultural pila bat egin dituzte bertan; antzerkiak, kontzertuak, liburu aurkezpenak, bertso saioak… baina niretzako lehendabizikoa izan zen espetxean kantuan. Ez dakit lehen aldiek beti dakarten xarma berezi bat ala horrela etiketatzen ditugun nahigabe. Dena dela, niretzako lehen aldi berezia izan zen, eta hargatik, bizitu nuenaren lekukotza uzteko premia sortu zait urte erdi beranduago.
Gernika –
Paradoxa terminoa irudiz logikaren kontrakoa den egite edo esantzat du Euskaltzaindiaren hiztegiak. Edo, aldi berean egiazkoa eta gezurrezkoa de perpausa ere izan daiteke paradoxa. Nahiz eta terminoaren definizio zehatzik ez jakin espetxeko irteeran, saioa paradoxikoa izan zela iruditu zitzaidan. Xabier Silveira, Andoni Egaña, Izar Mendiguren eta laurok ginen kantuan. Eta parean, berrogehita hamar bat preso politiko, pare bat preso sozial eta hiru funtzionario. Azken hauek joan-etorrian, aretotik etengabe sartzen eta ateratzen (uste dut ez zutela bertsoaldi osorik aditu). Kultur etxe bateko pareko oholtza zen; handia, goikaldean eta eskuinean teknikoaren gelatxoa zuela. Areto arrunta, ezhoiko leku hartan.
Zaballako ataria ezaguna nuen aurrez. Bisitetan izana nintzen, eta onartuko dut lekua paradoxikotzat lehen egonaldian izendatu nuela jada. Nortasun agiria leihatilan aurkeztera joan eta Egun on erantzun zidan funtzionario batek bisita horietako batean. Eta nire buruko eskema guztiak apurtu ziren. Ordura arte automatikoki espainiarrei egozten nien espetxea bezalako instituzio injustu, krudel eta alferrikako bat egunero-egunero mantendu eta berrestearen ardura. Baina, ez: gure herrian ere bazegoen halakorik, eta pentsa, euskaraz ere hitzen bat bazekiten bertan. Paradoxikoa.
Malkotan urtu nintzen lehen presoak ezagutu eta hainbertze aditutako izen horien gorputzak besarkatu ahala. Ostatuetako paretetako argazkietan, manifetako siluetetan… hainbertzetan ikusi nituen aurpegi horiek hezur-haragizkoak ziren, eta gure gisa, irri eta negar egiten zuten. Are gehiago, bertsotan ere bazekiten! Ni baino disziplina handiagoz biltzen ziren astero-astero bertso eskolan. Aritzen ziren ofiziotan, puntutan, bakarka… musikaren laguntzaz zein gabe.
Espetxeari buruzko bertso trama egin genuen. Hortxe bertze paradoxa bat; kartzelari buruz kritikan gu, presoen ahotatik kantari, funtzionarioen lana gaitzesten, kritika soziala egiten eta Euskal Herri askea aldarrikatzen 725 presoko eta 80.000 metro karratuko amesgaizto haren barnean. Hiru ordu haietan zoriontsu izan nintzela uste dut. Eta pareko kideen emozioetan ere horixe antzematen zela iruditzen zitzaidan. Lepokoak eta belarritakoak eman zizkiguten, eta niri pertsonalki, bertsolaritza pixka bat gehiago eskertzeko pare bat arrazoi.
Moduluetako pasiloetatik irtetzear geundela ikusi nuen dimentsio handian ezkerreko paretan zintzilikatuta zegoen kadroa. Gernika zen; 1937an Pablo Picassok egindako margolan horren kopia bat, gerrateek gizakiei eragiten diten oinaze izugarriaren isla hura (erasotzaile batek egina; horra bertze paradoxa bat). Gernika memoria da. Memoria eta herriaren zauria. Bakearen sinbolo bilakatu den koadroa urteen poderioz. Utzi genuen gibelean eta itxaron genuen funtzionarioek hesia ireki zezaten. Ezin izan nuen saihestu irri egitea. Ulertzen duzu paradoxikoarena, ezta?