2024-03-01
Gaurko Peru eta bertsoa
Gaur idaztea okurritu zaidanez, gaurko Peruk bertsoarekin ze harreman duen jakingo duzue, ez garrantzia gehiegirik eman, edo bai, egin nahi duzuena baina ez niri konturik eskatu. Ostiral gauetan lagunekin ETB KANTXA ikustean, txapa gainera justuan hiru pilotakada jarraian bota dituen pilotariaren antzera nabil ni bertsotan, gozakaitz.
Gaurko Peru eta bertsoa –
Azken aldian nahiko alboratuta izan dut bertsoa edo ahal bezain beste alboratu dut, atzetik jarraika daukadala ohartu naizenera arte. Aste osoa pasatzen dut ikastetxez ikastetxe, hainbat haur arabarri bertsolaritza irakatsi nahian, are gehiago, bertsolaritza modu erakargarrian irakatsi nahian, niri erakargarri egiten ez zaidan egun horietan ere.
Hori gutxi balitz, azken bost asteburuak Arabako Bertsolari Txapelketari eskaini dizkiot edo txapelketak berak lapurtu dizkit. Bertsolari, bertsolariaren anai, bertso eskolako kide, sarrera klikatzaile, kartel pegatzaile eta ohiko ikuslearen roletik bizi izan dut momentuz txapelketa. Kartel pegatzaile gisa ez daukat etorkizun handirik, zelo zati bat mozten dudan bakoitzean eskuan kiribiltzen zait eta nire frustrazioak areagotu besterik ez ditu egiten zeregin honek. Sarrerak klikatzen artista hutsa naizela esango nuke, lehenengoan asmatzen dut “ticket zuzena” irakurtzen, orain arteko ilara guztiak nik ekidin ditudala esatera ausartuko nintzateke. Bertsora itzuliz, txapa gainean oso justu, gozakaitz. Anai eta bertso eskolako kide gisa azazkal guztiak jan ditudala ziurtatu dezaket. Niri protagonista izatea tokatu zaidanean berriz, kantatu dudanarekin nahiko konforme geratu naizen arren, gainetik pisua kentzen aritu naizenaren sentsazioa daukat. Baten bati arratsaldea gozarazteko meriturik egin badut gaitz erdi, nik ez dut askorik gozatu kantuan.
Txapelketan gozatzea zaila denaren aitzakiari heldu diot egun askotan, baina txapelketatik kanpo kantatzeari ere uko egin diot azken aldian. Nahiko ongi ezagutzen dut nire burua eta badakit boladaka funtzionatzen dudala. Burumakur ibili naizen edo nabilen garaian etsaitu gara bertsoa eta biok, garai hobeak datozenean adiskidetzeko asmotan. Bitartean, maite ditudan pertsonek aurpegian marrazten dizkidaten irribarre puntualez gozatzen jarraituko dut.