2019-10-08
Gailurra
Gailurra –
Azken asteetan, bertsozale guzien whatsapp taldeak bertsoeskola.eus estekaz bete direla uste dut, elkartetik bultzatua, bertso eskolak birtualki elikatzeko tresna. Gogoratzen naiz nere lehen bertso eskolaz, 14 urterekin, Larzabalen. Garaian, (duela 5 urte bada ere), bertsu baten pentsatzeko 10 minutu behar genituen, eta erratz atzetik kantatzeak beldurra emaiten zigun. Doinuz josita, bi aldeetan inprimatutako paperak ematen zizkiguten, betiko pello joxepe eta o baxerritxoak ez erabiltzeko. Orai, klik bat eta pantailak errima kutxa eskaintzen dizu, zortziko txikia ezin bukatuz ari denarentzat, eta neurri guzietako doinu playlista eskuragarri da, estilo guzitako bertsoak kantatzeko. Hori bai, agian erratzaren atzetik kantatzean beldurra beti hor da, baina nolabait, kezka batzuk kentzen dizkiogu biharko bertsulariari.
Ez dut honekin kondizio txarretan bertsozaletu girenik erran nahi, ezta inola ere. Gaur taula gainetik kantatzen badugu, batzuk lana ondo egin dutenaren seinale izango da. Bertsolari handienek berek, horrelako guneen beharra eta premiazko existentzia azpimarratzen dute, behin eta berriro. “Bertso eskolak nahi ditut gaur eskertu ta omendu/ bertsoko gailur guztien oinarrizko kanpamendu” kantatu zuen Maialenek 2013an BECen, Ametsek bere txapela iparraldeko bertso eskolako haurrari eskaini zion ber urtean, hain zuzen ere. Baina, atzerago begira jarri naiz webgunea atera dutenean. Guk, nahi haina tresna, azpiegitura, kapital eta sustengu izan ditugu bertsotan ikasteko, alta, badakit beti ez dela hala izan. Gailurrera iritsi aurretik, bidea luzea izan da.
Asteburu honetako, taldekako xilabara, frantses telebista etorri zaigu filmatzera, Aldude herriaz eta bere bailaraz erreportai bat egiten zutela eta. Aurkezleak, harriturik, galdetu dit beti hainbeste jende biltzen ote zen, larunbat arrats batez, bertso saio bat ikusteko. Egia da, bertso boom garai hauetan, ohituratuak gaudela plazak, aretoak, gaztetxeak, afariak, bazkariak… baina denaren gainetik, txapelketak jendez lepo ikustea ( maiz ahazten bazaigu ere txapelketetaz aparte, beste motako bertso saioak daudela betetzeko). Edonola ere, emaitza hor dago, eta Parisetik etorritako bat ere gai izan da bertsoaren loraldia usaitzeko. Baina, guk ongi dakigu beti ez dela hala izan, duela gutxi arte, bertsoa ez zela erakargarria, duela mendetako ahozko bertsotatik bide luzea egin dugula, emakumeak sukaldeko baporetik plazara ateratzea ez dela goizetik gauera egin, baserri girotik ateratzeko, bertsoak jendea konbentzitu behar izan duela, publiko zabal baten uste eta aurreiritziak hautsiz, elizak sinestarazten zigun geniotasunetik deslotuz… Eta lista oraindik luza dezaket, historia luzea delako. Baina, bide honetan mugarri bat izan da, eta hau bertso eskola izan da. Usu ahazten zaigu denek ez dutela bertso eskola batean ikasteko pribilegioa izan. Xalbadorrek, arditan bazoala lantzen omen zituen bertsoak, eta zihur naiz Ana Deabru, Hernandorena eta beste hainbeste bertsolarik beraien metodo propioak garatu izan behar zituzteka trebatzeko, bertsoa jainkoaren opari zela pentsatzen zen une hauetan. Eskerrak,Amurizak bertsoak egiten ikasten ahal zela frogatu zuenean, bertsoa landa eremutik zabaldu zen, usteetatik atera, ortzimuga berriak konkistatzeko, biharko bertsolariak formatzeko.
Egia esan, biharko bertsolari haiei pentsatzen ibil naiz, eta bertsoeskolen webgune honek ekartzen ahal dituen onura guzietaz. Egin dugun bidean, pauso izugarria egin dugu, ukaezina da. Bertso eskolari, bere errol pedagogikoa txertatu diogu, eta ikasitakoa desikasteko gai izan gara ere, beste era bateko bertso eskolen sortzeko ere, Ahalduntze bertso eskola bezala (besteak beste). Eta gerora ere, hezkuntza eredu gehiago agertuko direla konbentzituta nago, gaur egungo sistema kapitalistak gure bertso mundutxoan utzi ditzakeen arrasto guziak analizatzeko, ezpiritu kritikoa garatzeko, taldearen indarrez indibidualismoa saiesteko, elkartasunean eta elkarlaguntzan oinarritutako harremanak sortzeko. Dena den, nahi haina aplikazio, diru edo inbertsio egin ditzakegu gure haurren bertso hezkuntza sustatzeko, baina lan hau bertso erakasleen esku artean geldituko den heinean, helduek ere ikasi beharra dutela etzaigu ahaztu behar. Bidean ez gaitezen despista, gailurretik ez gaiten erori.