Ainhoa Agirreazaldegi

Gai-jartzaile autorea

Gai-jartzaile autorea

Ikaragarri gustura entzuten ditut www.bertsoa.eus azken aldian bertso-munduko jendeari egiten ari den elkarrizketak. Bertsolariak izan dira elkarrizketatu gehienak. Bakoitzaren ibilbidea kontuan hartutako elkarrizketak izan dira, eta hortxe dago, nire ustez, elkarrizketa hauen balio nagusia. Komunikabideetan, ohituegi geunden bertsolari guztiei nolabaiteko “formatu orokor” bateko galderak egitera, bertsolari guztientzat balio luketen galdetegi estandarrak, eta orokorkerietatik horixe baino ez genuen jasotzen bueltan: erantzun orokorregiak. Baina bete-betan asmatu du bertsoa.eus-ek.

Gai-jartzaile autoreaEta pare-parean jo du, aste honetako elkarrizketatuari egindako galderekin ere. Hautatu duten bigarren gai-jartzailea izan da Josu Goikoetxea. Gauza interesgarri mordoa esan ditu elkarrizketan, baina nik “gai-jartzaile autoreaz” (berak hala deitu ez badio ere) egin duen gogoeta ekarri nahi dut hona. Laburbilduz, hauxe da Josuk dioena:

“Gai-jartzaileak argi eduki behar du beti, nork beretik jarri behar dituela gaiak. Bestela ez du gozatuko. (…) Tematikari dagokionez, derrigorrezkoa da begirada zorroztuta izatea. Janztea eta elikatzea. Kuriositate sozial, politiko eta kulturala izatea. Bakoitza beretik elikatuko da, batzuk liburuetatik, besteak bere inguruak eta herriak eskaintzen dizkion kontuetatik… Baina kuriositatea ezinbestekoa da zerbait eskaintzeko. Bestela, tramite moduko bat bihurtzen da gai-jartzailetza”.

Bere garaian, asko hitz egin zen bertsolari autoreaz. Eta uste dut lehenengo aldiz agertu dela, zeharka bada ere, gai-jartzaile autorearen figura. Hunkitu egin naiz, Josuren erantzun horrekin. Hunkitu egin naiz, bat-batean hitzetan jarria ikusi dudalako kantatzeko gogoa pizten dizuten gai-jartzaileek betetzen duten ezaugarri nagusia: gaiekiko auto-motibazioa. Gai-jartzaileak berak interesgarritzat jo eta maitea duen gaia mimoz ematen duenean, hori jaso egiten du bertsolariak, eta akaso gai horretaz inoiz pentsatu ez bazuen ere, une horretan bere barruan arakatu eta aurkitu duen kantatzeko grina transmititzen dio bertsolariari. Zalantzarik gabe, hein berean, bertsolaria entzuteko egarri jarriko du entzulea ere.

Askoz gauza gehiago ere esan ditu elkarrizketan Josuk, garrantzitsuak asko, eta proposamen berri eta ederrak ere izan dira tartean. Zentzua eta sormena eskatu dizkie gai-jartzaileei. Eta bi oinarri horiek lagun, nekez egingo du gai-jartzaileak auto-motibazioa (ez ego-motibazioa) baino ekarpen garrantzitsuagorik.

Gai-jartzaile autorea