2023-08-02
Fusioa
Fusioa
Fusio, urtze, galdaketa, bat-egite, bateraketa, elkarketa, bateratze. Hiztegiak horrenbeste hitzez definitutako kontzeptua, egoera bakoitzerako aldaera bat izan dezakeena. Koloretako plastilina batu eta marroizka irtetzen denean begi batzuk nahastutako koloreak bereizteko gaitasuna izaten dute, eta esan daiteke, plastilinatik haratago doala fusioaren moda. Dena fusio nuklearra ez den tendentzia bat, izan ere bat egite orotan ez da nukleo bakar bat sortu behar. Klasikoa eta modernoaren arteko fusioa, lehengoa eta oraingoa, hemengoa eta hangoa. Gastronomia, dantza, pintura, literatura, arropa, berbakera eta kantaeretara begiratzea baino ez dago.
Pilpilean zerbitzatutako sushia, sevillanaz jantzitako ezpatadantzariak, edo euskal kanta klasikoak teknora ekarrita remixetan. Baina, begi, belarri, mingain eta esku batzuk badakite elkartutako elementuak bere horretan bereizten eta baloratzen, bakoitza bere aldetik, baita bateratuta ere.
Bat eta bat batzerakoan emaitza bi izan daiteke, barriro ere bi horreri bat kendu eta beste bata berreskuratzeko gaitasuna daukate elkarketa batzuk, beste batzuk ostera, bakar baten batu eta ez dago berriro banatzerik. Honelakoa izan zen azkenengoz entzun, ikusi, edo probatu dudan bertso saioa, bertso saio musikatu bat, txakolin dastaketa batez lagundua, konpainia ezin hobearekin, esango nuke ez zela kasualitatea izan. Bost zentzumenak martxan jartzeko iluntzea, bertsotan jarritako hitzak kitarra eta txirularen melodiatik banaezinak dira nire buruan, lagunen aurpegiz eta mahats gustoz oroitzen ditut.
Ez dakit pipilean jarritako sushia gustuko dudan, bolantedun trajez dantzatuta banangoa agian ez dago hain txarto, eta musika teknoa ere entzun dezaket tarteka, nahiz eta plastilina nahiago dudan nahastu gabe, txakolinak gustu hobea du konpainia eta bertsoz fusionatuta, nahiz eta biri bat kenduta berriro ere beste bata berreskuratu, berri bat sortuko balitz ere pozik hartuko nuke. Tarteka behintzat.