Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2021-02-19

Formalkeria

Formalkeria –

Formalkeria

 

Ez dira garai onak inauterirako. Inautea, bere zentzu zabalenean ulertuta: eguneroko bizitzari arnasaldi bat eskatu eta ero haizea ospatu. Azken urtean tarte txikia izan du informaltasunak gure bizitzetan; nahi baino txikiagoa behintzat bai. Norbanako bezala galdu ditugu parrandak, bazkal zein afalosteko hizketaldi luzeak, festak, poteoak, koadrilako planak. Bertsoak ere galdu du hori guztia. Azken batean, bertsogintza ofiziala deitu genezakeenak galdu ditu bertso-poteo; bertso-bazkari/bertso-afari; festetako egun pasa … Baina bertsogintza extra-ofizialak, ustekabean bertsozale artean sortzen den horrek, goizeko ordu txikitan tabernako barran erantsita hankaluzeak uzten zituen horrek … galdu du bere espazioa eta bere lehengai zen giroa.

Kultura segurua da, seguru gaude. Baina segurtasun hori frogatzera behartzen bagaituzte eta protokoloa neurtzeko moduan agertu behar bada, jaialdia da salbatzen den formatu ia bakarra. Edonola ere, formaltasun handiko saioak dira eutsi diotenak.  Antolatzaile askok, eginahalak eta bi egin dituzte baldintzak beteko zituen saioak prestatzeko. Hala ere, Elkartea eta udalak kenduta, euskalgintzako edota kulturgintzako elkarte handiren bat salbuespen, gizarte mugimendu bakanen bat salbu … talde askok ez dute euren egitarauari eusteko baliabiderik. Horregatik galdu ditugu espazio informal asko.

Formalidadea formula magiko forman agertzen digute, eta entzuleak formazio formtuan kokatu behar dira, eta protokoloaz informatu behar da, eta bestela uniformatuak datoz, eta formakuntzarako ez bada konformatu etxean. Formaltasunaren izenean, formalkeria hutsa, askotan.

Horregatik, -tasun eta –keriak nahasita gabiltzan inaute gabeko garai hauetan, bereziki eskertzen dira antolakuntzan tematzen diren talde, elkarte, mugimendu zein norbanakoak. Formatu  formalean bada ere, ez gara formalidadean konformatzen, festaren formulari umore forman erantzun eta formaltasunez egingo ditugu saioak. Bejondeizuela formalkeriari zirrikitu bat zabaldu diozuen  guztiei, zuen egoskortasunagatik.

Formalkeria