Izaro Bilbao
Izaro Bilbao

2025-03-14

Forma geometriko berriak

Burua bor-bor dabilenean, begi niniak dilataturik eta belarriak irekita, eskuek bere bidea egiten dute. Bolaluma hartzen da seigarren hatzamar bat bailitzan. Koadernoa da bertsolari jatorraren bidelagun ofiziala.

Forma geometriko berriak-Forma geometriko berriak

Poliki. Atxiki. Bereziki. Kinky. Zuhaitz bat lore batekin alboan. Xarma. Alarma. Karma. Sarna. Asto baten aurpegia. Ederra amaierako puntu hori! Apuntatu. Karratu bat, triangelu bat. Zentzurik ez duen zerbait.

Esan nahi ditugunen intersekzioetan bizi dira bertso-eskoletako zirriborroak. Esanahien esanahietan bizi dira hegodun txakurrak eta zazpi petalodun txiribitak. Ez diot psikoanalizatzeko asmotan, inkontzientearen kontzeptua goraipatzeko edo. Bidean agertzen diren papurrak bide baten seinale direlako diot.

Zeinen amaierako puntuak apuntatzen ditugu eta zeinek abesten duen artean marrazten ditugu bihotzak? Zeri eman diogu toki berezi bat hodeitxo edo izartxo marko baten barruan? Ekin artean egiten duguna erreparatzea intentzio finkoak edukitzea da.

Lortu nahi nuke koaderno bat bere baitan biltzen dituena nire lagunek emandako gako guztiak. Koaderno bat bihar hobe batera eramango gaituena. Nahasten dituena hitz-joko ederrak eta aldarri sendoak. Artikulatzen dituena errima zorrotzak bidezidorrak zizelkatzeko. Bertso antologikoak botatzeko bertso txarrak bota behar dira, ideiaz erratu eta esandakoetaz damutu. Horiek denek zerua lasai har dezaten marrazten dizkiet loretxoak alboan.

“Humanitatea falta zaigu, Izaro” esan zidan lagun batek lehengoan. Humanitate zantzuen bila ibili nahiz ordutik. Aurkitu ditut orri artean pertsona nekatuen aurpegiak nire bertso-ibilbide osoan zehar. Aurkitu ditut “onena zara” mezuak eta “ona!” apunteak. Bidearen papurrek bide bat dagoelaren itxaropena ematen didate.

Ez dugu ezer egingo folio ertzetan marraztutakoekin, ez dira galerietan eskegiko, ez dira biralak egingo, ez digute iraultza zoragarri baten berri emango. Hala ere, hor daude. Garrantzitsuak ez direnak ere hor daude, lurra ongarritzen loreak haz daitezen. Noizbait, oparitu ahalko diogu elkarri mundu posible bat irudikatu artean asmatu genuen forma geometriko berria.

Forma geometriko berriak