2024-08-07
Ezeztapena doan
Opor garaia izaten da udara. Batzuek uztailean, besteek abuztuan, besteek bietan… Batzuek aste pare bat, beste batzuek lau, besteek bakarra… Gehiago-gutxiago, langile gehienok udara partean izaten dugu oporrak hartzeko parada. Lantokiko kontuak atzean utzi, deskonektatu, atseden hartu, familiarekin eta lagunekin planak egin… horrelako gauzetarako baliatu nahi izaten dugu garai hau. Eta nola ez! Bidaiatzeko edo oporretara joateko ere bai! Badirudi etxean lasai-lasai geratzea erabakitzen duenak edo arrazoi ezberdinengatik joaterik ez duenak, ez dituela benetako oporrak izaten.
Ezeztapena doan –
Bidaiatzea bereziki gustuko ez dugun arren, gure etxean ere urtero egiten dugu eskapadatxoren bat. Mediterraneo aldera, Pirinio aldera edo Asturias eta Kantabria aldera joan izan gara besteak beste.Badakizue, bidaiak “benetakoa” izan dadin Euskal Herritik kanpora izan behar du! Ondoko herriko eliza non dagoen jakin gabe Andaluziako herri galdu bateko eliza ikustera joateko gai gara…
Gu ez gara gehiegi urruntzen diren horietakoak, hala ere.
Aurten ez dakigu oraindik zer egingo dugun. Joaterik izango dugun, joatekotan nora… baina ni badaezpada interneten gauzak begiratzen ari naiz azken boladan, merke eta onaren bila. Baina ez dago batere erraza! Izugarria da kanpinetako eta hoteletako egonaldiak nola garestitu diren urte gutxitan! Langileen baldintzak hobetu direlako balitz sikiera… Baina ez. Ez da horregatik. Badakigu gehienok oporretan gauden bitartean lanean ari direnak zein baldintzatan ari diren.
Bilatzaileetan gehien gustatzen zaizkidan eskaintzak “ezeztapena doan” eta “aldez aurretik ordaindu gabe” diotenak dira. Aukera hobe bati atea zabalik uztearren. Gero garaiz ezeztatzeaz gogoratu beharra dago, noski! Bi bidaia ordaintzen bukatu nahi ez baduzu behintzat!
Eta honetan nabilela,” ezeztapena doan” eta “aldez aurretik ordaindu gabe” bertso munduan existitzen diren bi kontzeptu direla ohartu naiz. Aldez aurretik ez ordaintzearena normaltzat jo genezake. Ulergarritzat. Normalena saioa egin eta gero kobratzea izaten da, behin lanak eginda. Inoiz gertatu izan zait herri batera kantura iritsi eta kantuan hasi aurretik antolatzaileak dirua ematea, baina ez da ohikoena. Bestea okerragoa da: “ezeztapena doan”.
Nori ez zaio gertatu, bertso saio bat hitzartua izan eta bizpahiru egun lehenago edo egunean bertan, saioa ez egitea erabaki dutela abisatzea? Normalean nahikoa txartel saldu ez izanaren aitzakiapean.
Niri behin baino gehiagotan. Eta gauza gutxirekin haserretzen naiz horrelako abisuekin bezainbeste.Badaude antolatzaile batzuk saio bat azken orduan ezeztatzea doan dela pentsatzen dutenak. Beraientzat hala da eta! Abisua emateko dei deseroso xamar bat eta listo. Dei horretan barkatu hitza hamabost aldiz entzungo duzu eta beste data batean berriz saiatuko direla eta zuri deituko dizutela esango dizute. Promesa faltsuak normalean. Gaur egun, gainera, deitu ere ez dute egiten, whatsapp bat bidali eta kito!
Baina bertsolarientzat? Doakoa al da ezeztapen hori?
Ez. Garesti ordaintzen du bertsolariak azken orduko ezeztapen hori.
Hasteko, errespetu falta izugarria denez min moral bat sortzen diolako. Are handiagoa urtean plaza gutxi xamar egiten dituen bertsolari bat baldin bada. Aurreko egunetako ilusioa eta urduritasun punttu hori lurpera erortzen zaizkiolako.
Bestetik norbere bizitza antolatzeko orduan sortutako eragozpenak. Lanean txandak aldatu edo lan-ordu batzuk galdu behar izana, edo lagunekin nahiz familiarekin egin ahal zituen plan ezberdinei uko egin behar izana.
Eta azkenik, okerrena behar bada, saio horretarako hitza emanda izateagatik beste saio batean kantatzeari uko egin izana.
Askotan pentsatu izan dut horrela gauzak antolatzea oso erreza izan behar dela. Artistak lotu, txartelak salgai jarri eta lanak eginak. Nahikoa txartel salduz gero aurrera. Bestela bertan behera utzi eta konponduta.
Baina gutxitan dira aski kartel batzuk eta txartelak salgai jartzea. Deialdiak landu ezean, atzetik ibili eta gogaikarri xamarra izan ezean nekez hurbilduko da jendea, ez bada tradizio handiko deialdi bat behintzat. Esperientziatik diot; guri ere tokatu izan zaigu noizbait, plaza ezin txukundu eta nahikoa sos ezin bildu, jendearen atzetik ibili beharra.
Ziur nago azken orduan saioa bertan behera geratu dela abisatzeko deitzen duten antolatzaile gehienek ez dutela jendea erakartzeko ahalegin berezirik egiten. Eta horren atzean bertsolarienganako errespetu eta kontsiderazio falta dagoela uste dut. Behin konpromisoa hartuta, saioa bai ala bai eta ahalik eta modu duinenean egin behar dela erabakiko balute, lortuko lukete jendea erakartzea.
Baina “doako ezeztapena” eta azken orduko deiaren komodina hor dauden bitartean…