2018-01-17
Ez usteak, ezuste
Ez usteak, ezuste –
Helduentzako hezkuntzan ariko naiz lanean, denbora batez. 18 urtetik gorako ikasleak ditut gelan, DBHko titulua atera nahi dutenak. Bi ikasle mota ditut gehien bat: eskola-porrota izan dutenak (hezkuntza-sistema horroroso honen biktimak) eta etorkinak. Gehien bigarren horiengandik ari naiz ikasten, nik irakasten diedana baino askoz gehiago.
Klaseko lehenengo egunean aurkezpena egin genuen. Haiek beren historiaren zati bat kontatu zuten: nola heldu ziren Euskal Herrira, zelan animatu diren ikastera, zer egin nahi duten titulua atera ostean. Neuk ere kontatu nien nola amaitu dudan hor, zelakoa den nire bizitza, bertsolaria naizela. Ez zuten inoiz entzun bertsolariei buruz. Inork ez die ezer kontatu. Inork ez dio iritzi interesa dakiekeenik. Eta euskararekin berdin. Pena ematen diela adierazi zidaten, gelan ikasten dutena ezin dutela kalean praktikan jarri. Gustatuko litzaiekeela, bestela ahaztu egingo zaiela, baina inor ez zaiela euskaraz zuzentzen. Inork ez dio irizten jakin dezaketenik.
Inork ez du uste interesatzen zaienik, baina aho-zabalik entzun zuten zer den bertsolaritza, nola erabiltzen dugun hitz neurtua elkarri adarra jotzeko eta nola milaka pertsonak segitzen duten txapelketa, besteak beste. Eta inork ez du uste jakin dezaketenik, baina euskaraz esan zidaten nor eta nongoak ziren, zenbat urte dituzten eta ze pozik dauden euskara-klaseetako parte izaten.