Oihana Bartra
Oihana Bartra

2017-06-13

Ez nago haurdun

Ez nago haurdun

“Abortu bat izan dut”-en egileen eskutik…

Ez nago haurdun

Ez nago haurdunAspaldion tripetatik eskas ibili naiz. Hori dela eta, parranda gutxi eta alkoholik ia batere ez.  Ezin duzue imajinatu denbora honetan zenbat pertsonak galdetu didan: “Ez zara haurdun egongo?”. Aurreko batean, bertso poteo batean bertso-kide batek ere bertsotan galdetu eta neure burua azalpen bat ematera “behartuta” ikusi nuen. Lagunartean berdin. “Haurdun zaude?”, “ Ez iezaguzu ziririk sar, gero”.

Maitasunez, baina oso astunak zarete, benetan. Ez nago haurdun. Ura edaten egon naiteke tripetatik txarto nagoelako, egarri naizelako edo sudur-puntan jartzen zaidalako. “Eta zu noizko?” galdezka zenbiltzaten berberak zarete, gainera. Batzuek ama nahi nauzue konpainia egiteko zuen txikitxoekin, beste batzuek zuek bezain esklabo nahi nauzuelako. Batzuek beldurrez galdetzen didazue, ez-amatasunean bakarrik utz ez zaitzatedan. Askok uste duzuelako badela garaia; beste askok nire “hobe beharrez”, arroza pasa ez dakidan.

Eskerrik asko denoi zuen arduragatik, baina ederto nago. Batzuetan ura eta besteetan itsaso bete ardo edaten dut, eta zoriontsua naiz ama izan gabe ere. Benetan diotsuet, posiblea da.  Eta, lasai, egunen batean ama izatea erabakitzen badut pankarta erraldoi bat eskegiko dut Euskalduna zubitik edo txapelketaren bateko azken agurra eskainiko diot nire lau dimentsiotako ekografiari.

Ez nago haurdun