Aitor Servier
Aitor Servier

2017-11-15

Ez dakit

Ez dakit –

Gauza jakina da ikastea amaigabeko prozesua dela. Jakintzaz eta jakinduriaz mintzatzerako orduan, Berri Txarraken Ikasten eta 2zioren Ikasi ikasten kantuek egiten didate oihartzun. Unibertsitatean, ikasitakoa ikuspegi kritikoarekin berrikustearen ezinbestekotasuna aldarrikatzen genuen. Alde ttikia egon daiteke jakitetik ez jakitera. Dena da zenbat eta zeri buruz, eta jakintza objektiboa adina jakintza subjektibo existitzen da. Haatik, eskolako eta bizitzako azterketa handietan ez digute « ez dakit » erantzuten uzten.

Ez dakitEz dakigula aitortzeak, porrot zaporea utzi liguke ahoan. Gure hauskortasuna agerian utziko luke, ikastea ispilu hautsi baten puskak biltzen joatea ez balitz bezala.. Herri honetan iritzia errazegi ematen dugulakoan nago. Hari edo honi entzunak errepikatzen ditugu usu barra ertzean edo etxeko mahaian. Politikaren korapiloak, jendarte gai konplexuak, labirinto afektiboak… Horiek denak iritzia emateko bide zaizkigu, lau klitxe irmo bota eta urguilua puzten zaigu. Edozeri buruz iritzia ematen duenak, entzuten ba al daki ? Orotariko elkarrizketetan begia eta belarriak ezarriz gero, umil guti hauteman ohi dut, gehiago dira umilduak.

Asanbladetan zein gorputz edo zein ibilbide kokatzen da erdigunean ? Norena da hitzaren monopolioa ? Noiz utziko diote batzuek haien erranaldi oro « ez dakit, » batekin hasteari eta noiz hasiko dira bertzeak ez dakitela aitortzen ? Haien ezintasunak estaltzeko autoritatea dutenak gehiagotan isilduko balira, ikuspegia aldatuko litzaiguke.

Sumatuko duzue zertara natorren. Baina, aldaketak aldaketa, sexu, adina, jatorri eta klasea aztertuz gero, bertso-mundua ez da oraino guk uste dugun bezain anitza. Fikzioaren bidez ordea, enpatia eta ulermena lantzeko ahalegina nabaritzen diet zenbait bertsolariri. Urrats esanguratsua da ezjakintzat jo eta ahotsa ukatu diegunen larruan sartzea.

Ez dakit