2018-05-10
Euskaldunok anormalak gara
Euskaldunok anormalak gara –
Danbor doinuak izan dira aurten Herri Urratsen aurrekari. Ikastoletako 3000tik gora ikasle, irakasle, langile, guraso eta beste hainbeste euskaltzale karrikara atera ginen joan den astean, euskarazko murgiltze ereduaren alde. Euskaldunok kantuan beraz, azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzen zuten kamiseta koloretsuekin. Baionako karriketako ibiltarien begietara ezohiko ikuskizuna izan zen hura, bitxikeria, irrifar bat lapurtu genien atzo, aldekotasuna itzuliko digute menturaz bihar-etzi. Euskal Erdikoekin mintzatzean erabili ohi dudan formula hona ekarriz, Ipar Euskal Herriko Bilbo Handia den BAB eremuan plaza hartu genuen.
Gatazkaren errelatoaren eta errelatoaren gatazkaren egunotan, Baionako Herriko Etxeko plazatik, bizi izan ez ditudan garaietara joan zitzaidan gogoa. Erresistentzian eta eraikuntzan ardazturiko ibilbidea da Seaskarena. Gure gurasoek ez zuten guk euskaraz ikas genezan gose-grebarik egin edo barrikadarik altxatu, hori gure aitatxi-amatxiek egin behar izan zuten. Haatik, ama, bi astebururik behin han eta hemengo festatan taloak saltzen aritzen zela oroitzen dut. Nik euskaraz idazten ikasiz behatzak tintaz zikindu nitzan, etxeko lanetan laztutako eskuak militantzian irinez emokatzen zituen berak.
Auzolanaren kulturan trinkotu zen hezkuntza komunitate hau da, urtero ikastola berriak ireki eta ikasle kopurua etengabe emendatzea erdietsi duena. Prestigioa irabazi du Seaskak. Bernat Etxepare Lizeo berria lekuko, nolabaiteko onarpena. Hala eta guztiz ere, hotz handia egiten du ikastoletatik kanpora. Zer erran nahi dut baieztapen honekin ? Bada, ez nukeela garen baino normalagoak izatera josta gaitezen nahi. Frantziarengandik heldu diren erasoek balio bezate haur eta gazteei euskaraz bizitzea eguneroko borroka dela ulertarazteko. Euskaldunok anormalak eta bazterrekoak garen Ipar Euskal Herrian, kontzientziatua ez den hiztunak nekez eginen du euskaraz bizitzen ahalegintzeko hautua.
Seaskari esleituko zaizkion irakasle postuen tirabiran, hizkuntzaren transmisioaz ez ezik, hezkuntzaren kalitateaz ere ari gara. Lehen hezkuntzan, 40 bat ikasle leudeke ikasgela bakoitzean, ikasbidea baino galbidea dirudi honek. Gurutzatu ez nuen arren, suposatzen dut Miren Artetxe Seaskako ikasle ohia ere manifestarien artean izanen zela Baionan. Kontzientziatuak eta inkontzientea nahastu zitzaizkidan orduan. Bertso-eskolak. Zortedunak gara, Ikastolez gain, bertso-eskolan hazi eta hezi ginenok. Hezkuntzaren kalitateaz mintzo, enpatia, ulermena, elkarlana eta zaintza praktikatzeko lanabesak eman zizkidaten bertan.
Euskararen harira itzuliz, 15 urte genituenean bere ikerketa baterako elkarrizketatu gintuen Miren Artetxek begiak ireki zizkigun nolabait. Bertso eskolek funtzio ezberdinak betetzen dituzte Donibane-Lohizunen eta Hernanin. Irinez beteriko amaren eskuek eta bertso eskolan jaso eta emandakoak egin ninduen euskaldun gazte kontzientziatu. Errugbia, dantza, pilota, solfeoa erdaraz izan daitezke ; bertsolaritza eta bertsolari gazteen arteko harreman sarea ez. Euskaraz bizitzea naturala den eremu bat eta ikuspegi kritikoa garatzeko parada eman zigun bertso-eskolak
Gure gurasoek erabaki zuten guk ikastolan ikastea, baina, euskaraz bizitzea, behin berriz hartu beharko dugun erabakia izanen da.