Eneko Fernandez
Eneko Fernandez

2023-05-23

Euria behar zen, baina...

Euria behar zen, baina… –

Doinua: Markesaren alaba

 

 

Ez zenean iritsi

gurera resaka

Larunbat arratsean…

euriaz kexaka…

berant heldu zen baina

heltzean presaka

tristuraz busti ditu

Bera ta Lesaka

 

 

Euri tantarik ez zen

aspaldi ikusi

egoera zaila zen

lehorte ta guzi

Baina natura denez

gurean nagusi

batzuek hainbertze ta

bertzeek zein gutxi

 

 

Ekaitza noiz datorren

ez denez jakiten

Ur oldea etxeetan

eta ezin irten

Hanka hoztuak eta

odola irakiten

denon gustura ez du

euririk egiten

 

 

Natura haserretzean

nor dago seguru?

Beldurra ta ezina

biak buruz buru

Uraren altuera

bi metro inguru

desira genuen hark

ia ito gaitu gu

 

 

 

Baina genbiltzanean

guztiok penetan

Herritarra azaldu zen

eremu denetan

Nolakoa ote den

jendea benetan

soilik ikus daiteke

une zailenetan

 

 

Batetikan lur jauzi

trumoi ta ekaitza

Bertzetikan laguntza

ta elkarren zaintza

Gaitza ez da izaten

hainbertzeko gaitza

elkartasuna bada

bere azken emaitza

 

 

Herrikideak badu

arazo larria

auzolana ez dugu

erantzun berria

Borondate guztia

laguntzen jarria

herriak soilik salba

dezake herria

 

 

Uholde, sufrimendu

ta ezina aurrena

Elkartasun oldea

zetorren hurrena

busti ohi den jendarte

baten aztarrena

Urak eramaten du

urak dakarrena

 

Euria behar zen, baina…