2018-03-28
Etxeko etartetik
Etxeko etartetik –
Doinua: Loriak udan
Etartetik ikusi dezaket
udaberria kantari,
eguzki izpi goxoak eta
lurrean txiribita bi.
Esateko dut horrenbeste ta
begiratuz munduari
etxekoei zein txakurrari
edo landa berdeari.
Esateko dut horrenbeste ta
begiratuz munduari,
nori kantatu ez dakit eta
beraz neure buruari.
Bakardadean eta aurrean
hainbeste paraje eder,
holakoetan pentsatzen jarri
pentsatu leike edozer.
Nahiz ta gaztea izan oraindik
ez dut erabaki ezer
geure burua presionatuta
dugun egoerari “esker”.
Nahiz ta gaztea izan oraindik
ez dut erabaki ezer,
ez dut egin, halan be badakit
etorriko dala laster.
Tokatzen dena tokatuko da
baina ez pentsatzea hoba
horretarako asmatu zuten
antzina eta denbora.
Udaberria heldu da eta
uda ere helduko da,
kejatzea ta arduratzea
hau da hau dugun ganora!
Udaberria heldu da eta
uda ere helduko da,
bien bitartean nire etxeko
etartean nau gustora.
Etartetik irten gabe ere
badakit zer den duguna.
Instagram denontzat ezaguna,
mundua ezezaguna.
Pantaila aurrean ta lanean
pasa ohi dugu eguna,
horrela zelan ez da izango
gure bizitza iluna?
Pantaila aurrean ta lanean
pasa ohi dugu eguna,
ahaztu ohi dugu ze ederra dan
gure aurrean daukaguna.