2021-04-27
Etxe atzekaldeko errekari
Etxe atzekaldeko errekari –
Doinua: Mutil koxkor bat itsu aurreko
Gela barrutik sarri egon naiz
ikusmiran, zelatari
nire begiak irudiari,
belarriak zaratari
mendietatik herrira zatoz
tanta lotuaz tantari
leiho ertzetik nire kontura
hasi natzaizu kantari
etxe atzetik pasatzen zaren
Erasote errekari.
Ez Bidasoak, Ez Urumeak
ez dizu egiten itzalik
gure herrian zugandik edan
ohi du zenbait animalik
inork sekula eskatzen badit
loarazle naturalik
zure izena esaten diot
baduzu lasai-ahalik
nik zuregatik uzten dut beti
leihoa erdi-zabalik.
Nola ez egin solas ederrak
atzeko errekatxoaz?
Jende guztia soilik zugatik
kezkatzen bada auzoaz
zuri begira konturatu naiz
metafora delakoaz
goiko aldetik behekaldera
harri ta baztarrak joaz
geldirik nago zuri begira
zu beti aurrera zoaz!
Uda garaian joaten ginen
hamabi urteko jiran
bainu bat hartu ta arrantzara
kordelekin tira-biran
gaitasun asko ez izan arren
harrapatzeko desiran
amuarrainak harripetatik
agertzen ziren segidan
baina amua bota orduko
ezkutatzen zenizkidan!
Neguan zatoz indarrez ta hotz,
bare eta epel udan
amuarrainak ohitu dituzu
berotan eta frexkuran
behi ta ardiek edaten dute
zure ura larre-mugan
bizitza honen ispilu zara
gorpuztu dena naturan
batzuk zugatik bizi baitira
eta beste batzuk zugan.
Zure bidean daramazuna:
ura bultzadaz bultzada
eta (h)ura da gure mundua
estaltzen duen izara
gizakiongan maiz erabiltzen
da motelgarri gisara
zure kasuan alderantziz da,
kasualitate hutsa da
zenbat eta ur gehiago hartu
harrotu egiten zara.
Baina ni ere ez naiz perfektu
ta ez naiz beti formala
burua galduz egin izan dut
zugan pekatu mortala
lau trago egin ta gaiztotzea
nahiz izan gauza normala
behin baino gehio egin dut eta
aitortu nahi dizut hala:
parrandatikan etxera bueltan
pixa egin dizudala