2024-05-20
Eta bertsotan?
Eta bertsotan? –
Ez dakit ziur noiz iritsi zen nire eskuetara CD pare hura. 2010 edo 2011 urtean izango zen. Ordutik dozenaka aldiz entzun dut kotxean Lasartek eta Uztapidek Zaldibiako Gaztelu elkartean eskaini zuten bertso bazkari antologiko hura. Ze belozitate, ze erritmo, ze adarra jotzeko modu, ze errimatzeko era eder, esaldiak bihurritzeko gaitasun hura… Lehen entzunalditik liluraturik utzi ninduten bi Manuelek. Bertso txarrik apenas du grabazioak eta pasarte ederrak asko. Horietako bat hauxe. Herriko alkateari kantuan ari diren batean Uztapideri adarra jotzen hasten da Lasarte. Manueletan zaharrena ez da erantzunik gabe geratzen noski.
Lasartek:
…
Uztapide re konzejal dago
Ematen dizutet hitza
Honezkero_alkate re egin zan
Graduz iritsi balitza
Uztapidek:
…
Eman didazu arrazoi hori
Zitala zeradelako
baina alkate ez naiz egiten
Nik neuk nahi ez dedalako
Lasartek:
Izan ninteke zitala baino
Oso hizlari txukuna
Bertso horrekin oraindik ere
Eztezu bete eguna
Zuk dadukazun eginkizuna
Da hutsa eta astuna
Alkate ezin liteke jarri
Eskolarikan eztuna
Uztapidek:
Zure burua ikusitzen det
Nik gero eta ariño
Hobe zenduan bertso_hori zeure
Buruai bota baziño
Nik eskolarik ez jakitia
Ezta izango estraño
Jakin nahi nuke zerorrek zenbat
Dakizun geyo nik baño
Izugarri ederra iruditzen zait azken bertso hau. Batez ere azken puntuko esaldi bihurri hori.
Azken Nafarroako Finalaren ondoren lagun bat etorri zitzaidan, saioa entzuteko eseri zen aulkian topatu zuen liburuxka eskuan:
“-Boli! Ez dek txapela iraazi beye beste guziek beño merito geyo dakak hik! Beste zazpiyek unibersidedien estudietu ye ta libuu tartien aitzen ttuk lanien, hi fundiziyuen lanien ai heizen biyertien!”
Momentuko emozio uholdearen erdian oharkabean pasa zen lagunaren komentarioa. Baina aurreko batean Uztapide eta Lasarteren arteko elkarrizketa hau berriz entzun nuen eta entzutearekin batera momentu hura etorri zitzaidan gogora.
Alkate ezin liteke jarri “eskolarikan eztuna”. Eta bertsotan?
Txapelketatako liburuxketan eta bertsolarien biografietan ohikoa da ze ikasketa dituzten edo zertan lan egiten duten agertzea. Eta irudipena daukat jende gehienak bertsolaria goi mailako ikasketekin lotzen duela eta gainera batez ere letretako ikasketekin. Filologia, kazetaritza…
Ziurrenik gehiengoa hala delako izango da
Niri ere behin baino gehiagotan galdetu izan didate ea irakaslea naizen. Hasieran, harrituta, pentsatzen nuen: “ Ni irakasletzat baldin banaukate tipo txukun xamarra ikusiko dute nigan! Kar-kar… Baina lotsa moduko bat ere sentitu izan dut ni irakasletzat naukan horri zertan lan egiten dudan esatean. Huts egingo banio bezala edo.
Izan ere, ni ez nintzen unibertsitatera joan. Batxilergoa nire adinkideek baino urtebete beranduago atera nuen bigarren mailako bi ikasgai errekuperatu behar izan nituelako. Ikasturtea bukatu orduko eraikuntzan lanean hasi nintzen, hurrengo ikasturtean lanbide heziketako goi ziklo bat egiteko asmotan baina ez nintzen ikasgeletara itzuli. Dirua ikusten hasi… parranda gustatu… eta lanean geratzea erabaki nuen. Ongi edo gaizki, halaxe erabaki nuen.
Eta zer esango dut ba… ez nintzen unibertsitatera joan baina ez pentsa obrak eskola txarra direnik. Jende mota eta istorio asko ezagutzeko parada izan nuen bertan. Europara pateran iritsitako lankideak, drogekin arazoak zituztenak, langile zapalduak, langile zapaltzaileak… Oso gaztea izanik, ordura arte ezagutu ez nituen gauza asko ezagutu nituen.
Bertsoa ere erdi utzia izan nuen garai hartan baina zorionez izan nuen betirako aska ez nedin nire sokatik tira egin zuenik. Bearrik!
Ez dut zalantzan jarriko, uste dudalako jartzerik ez dagoela, gero eta gehiago jakin eta hobe dela. Bizitzarako bezala bertsotarako ere bai. Eta argi dago goi mailako ikasketek pertsonak jakintzaz eta baliabidez hornitzen dituztela. Bestela jasoko ez luketen formazio bat eskaintzen dietela.
Eta ez diot noski inori esango jakin nahi nukela zenbat dakien gehiago nik baino. Badakidalako asko eta asko direla nik baino askoz gehiago dakitenak.
Ez dut uste nire lagunak arrazoia zuenik. Nik ez neukan egun hartan beste zazpiek baino meritu gehiago. Baina iruditzen zait haren esaldiak joera bat erakusten duela. Bertsolaria izateko, bertsolari ona behintzat, ikasketaduna izan beharraren ideia. Uste dut oso orokortua dagoen ideia bat dela, eta badela epaitzeko modu bat, nahiko injustua nire iritziz. ”Ikasketarik ez izateko ongi egiten du!” moduko bat. Baina badaude beste bide batzuk bertsotan ongi egitera iristeko.
Ezagutzen dut bertsolari bikain bat baino gehiago “eskolarikan eztuna”. Horietako bat , ezagutzen dudan bertsolari onenetakoa izateaz gain bere herriko alkatea ere bada, pentsa!