2024-12-06
Estereotipoak
Estereotipoak –
Bertsolaritzan estereotipoei izkin egiten saiatzen gara, bakoitzarekiko dauzkagun aurreiritziak ezabatzen, ere bai. Lortzen dugu? Noski ezetz. Denok espero dugu norbaitekiko zerbait. Ukaezina da hori. Eta bertsotan ari garela, are ukaezinagoa. Bertsokerei buruz hitz egiten dugu askotan. Bakoitzak bere izaerari loturiko bertsokera garatzen duela diogu, bere izateko moduaren araberakoa delakoan. Eta noski, neurri batean, hala da hori. Halere, askotan pentstau izan dut, zenbateraino ez ote den entzuleak, gai jartzaileak edo bertsokideek beraiek gutaz espero dutenaren araberakoa. Hori, argi ikus liteke jartzen dizkiguten gaietan.
Zenbat aldiz jarri dizkiote Jone Uriari matematikarekin loturiko gaiak? Zenbat aldiz Iker Zubeldiari txistera bideraturikoak? Zenbat aldiz Aitor Mendiluzeri sagardoari buruzkoak? Zenbat aldiz Saioa Alkaizari ertzetako euskaldunei buruzkoak? Azken honek Leitzako festetako bertso saioan errealitate dosi ederra bota zigun. Bertso eskolakook jarri genituen gaiak festetarako. Bost bertsolari. Tartean, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza. Ofizioa. Biak. gaia: “Ongi egiten duzue emakumeak izateko, ezta?” Askotan entzun izan duten galdera horri buruz abestea nahi genuen, beraien esperientziatik eta bizipenetatik. Garrantzitsua iruditu zitzaigun hori festetako saiora ekartzea. Halere, tarteko bertso batean, bukaera hau bota zuen Saioak gutxi gorabehera (ez dut bideorik aurkitu eta buruz ari naiz): “Emakumeei jartzen zaizkie / beti emakumeen gaiak” Ez zen zehazki hala izango, eta barka diezadala berak eleganteago esan izango zuen eta, ziur asko.
Gazteei ere, jaialdietan, zein gai mota jartzen zaizkie? Parrandakoak, ligatze kontutakoak… hor ere badago gazteongan barne gatazka bat. Askotan pentsatu izan dugu, zergatik abesten dugu saiotan? Gazte bat behar dutelako? Gai jartzailearentzat traba garela ere sentitu izan du(gu) batek baino gehiagok: saioa izorratzeko beldurrez, umorezko gaiak jarri eta kito!
Agian, ez da hala izango eta nire pertzepzioa izan daiteke, baina bada kezkatzen nauen gai bat. Fikzioa errealitatetik gertu egiten dugula iruditzen zait, eta espero dugunari baino garrantzia handiagoa eman beharko genioke irekitasunari. Lazkao Txiki ere bertsolari umoretsu eta txistezale gisara ikusten dugu, baino kezka eta min asko zeuzkan bertsolaria zen, eta hori bertsotara ekartzen zuen sarri.