2024-08-14
Esperotipo
Esperotipo –
Denoi gertatzen zaigu, “bikotea zarete”, edo “amona-bilobak zarete”, edo “zu, Oihana, polizia zara” entzutean, irudi automatiko bat eratzen zaigula buruan. Bikote harreman jakinak irudikatuko ditugu gaiaren arabera, neurriaren arabera, haserre, maiteminduta edo jeloskor kokatzen dituen gai jartzaileak… badauzkagu aurretiaz sortutako irudiak. Amona jakinak dauzkagu buruan, bilobekiko harreman jakinetan imajinatzen ditugunak: onberak gehienak, sukaldetik ez hain urrun, bilobari paga mahaipetik pasatzen edo mugikorra baliatzeko laguntza eskatzen. Polizia irudikatzeko ere, senti dezakegun distantziatik harago lehen pertsonara ekarri ahal izateko disoziazio abaniko oso bat dugu eskura.
Noski, lehen kolpean datozkigun irudi horiek zerikusi gehiago izaten dute medioetan ageri direnekin edo kontsumitzen dugun fikziokoekin, gure eguneroko esperientziekin baino. Horrek, aurrez eraikitako irudi eta pertsonaien nolakotasuna mugatu egiten du, baina badu alde pragmatiko bat ere: silaba mordoa aurrezten du bi zertzeladatan mundu guztiak irudika dezakeen pertsonaia partekatu hori ekartzeak. Estereotipoak oso tresna baliagarriak dira errealitateak irudikatzeko; arazoa da, hori elikatzeak pertzepzioa distortzionatzen digula, inguruan dauzkagun kasu errealak sinesgarri ez egiteraino. Erreala ez da izaten beti sinesgarrien.
Gainera, bertso saio batean pertsonaia horiek egotzi dizkigutenean, helburu jakin batekin agerrarazten dira (besterik da guk helburu horrekin bat egingo dugun edo buelta ematen saiatuko garen, horrek ekar lezakeen pausoa-eman-aurretik-lurra-eraiki-behar sentipenarekin).
Kasu batzuk gure egunerokoarekin kontaktuan daude, eta estereotipoa deseraikitzeko ispilu zuzenak dauzkagu bai inguruan eta bai entzuleen artean ere. Esaterako, amonaren irudia lantzeko gero eta eredu gehiago ditugu eta landu dira fikzio errepresentazioetan ere. Beste kasu batzuetan, detektatzen dugu aurreiritzia eta irudi estereotipatua, baina tresnarik gabe topatzen gara publikoarekin konpartitu dezakegun erreferentzia horiek eraiki nahian.
Bi adibide nabarmen sentitu ditut azken asteotan: japoniarraren rola eta txurreroarena. Bi kasuetan oso argi sentitu dut entzulea astindu zezaketen teklak non zeuden, zerk sor zezakeen grazia eta zer izan zitekeen irudi konpartitu bat. Pertsonaia marrazten hasita, lehen kolpeko iruditeria estereotipatuari uko egitea erabaki liteke, eta ohartu zenbateraino zauden biluzik horiek gabe. Zorionez, biluzik kantatu behar izan nuen bi pertsonaia horien larrutik, bi kasuetan zeudelako eurak inguruan. Zorionez diot, eurak nik esana entzungo zutela jakiteak txibatoa pizten zidalako aldiro. Nire kezka da, bertan egon ez balira txibato hori piztera helduko ote zatekeen; eta zintzoa banaiz, aldiro geratuko ote nukeen motorra aberia sortu aurretik.
Estereotipoak sorkuntzarako tresna bat izan litezke, badira. Kontua da, pertzepzio sortzaile ere badirela. Rol horiek gorpuztuko dituzten pertsona errealak izan ezean, edo izan arte, har litezke fikziotik. Espero denak funtzionatzen du oraindik; beraz, txalo-kontra egitea tokatuko da espero den tipoko irudietatik urruntzeko. Estereotipatzen ditugun komunitateak oholtzara ekartzeko (Maider Arregik bertsolamintzan egindako gogoetari tiraka) baldintzak bermatzen diren bitartean, horiek entzuleen artean topatu nahi nituzke, nire motor akatsak konpontzen joateko.