Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2019-05-24

Eskapistak

Eskapistak –

EskapistakEskapismoa fisikoki harrapatuta gauzkan toki/kate/espaziotik ihes egiteko artea omen da. Nik, harrapatu (nahi) gaituen une, gai edo egoeratik ihes egitea ere gehituko nioke zerrendari. Lehena ilusionismoari edo magiari lotua dago; bigarrena ere bai, askotan. Eskapista ezagunenak ilusionismoa, malgutasuna eta indarra landuz trebatzen ziren; bertsolari asko, gaia malgutasunaren mugara eramaten, injenioa edo asmamena fintzen, eta ihesaldia luzitzen ahalegintzen dira. Ezin zaio gaiari modu elegantean ihes egiteari meriturik kendu. 

Gai sortzaileek, askotan uzten dute zirrikitu txiki bat gaia jartzean, estuegi sentitzen bazara ihesbide bat izan dezazun. Beste batzuetan, gaiari ezentzunarena egiten diogu (modu kontzientean edo ez) eta gai garen apurretan, gaiari hari txiki bat luzatzen diogu, guk esan nahi dugun horri lotzeko. Baina normalean, onar dezagun, ederki dakigu zer eskatu zaigun; eta gu gara, zer emango dugun erabakitzen dugunak (berriz, erabaki kontzientez edo ez).

Kontua da, gai delikatuetan eskapismoa bereziki lantzen dela; eta zein da, bada, gai delikatua? Ba segun non, norentzat, noiz … Gai batzuek intimoki ukitzen gaituzte, edo ezkutuan daramagun zauri bat irekitzen digute, edo sekula konfiantzazkoekin hitz egin nahi izan ez duguna publikoki konpartitzera gonbidatzen gaituzte. Horrelakoetan, bi aukera izaten ditu bertsolariak: norbere buruarekin zintzotasunez jokatuta gaiari erantzuten ahalegindu edo eskapismoaren magia zukutu.

Publikoak sarri azkar antzemango dio gaiari ihes egitea erabaki badu eta hor, salbazio bakarra geratzen zaio bertsolariari; alegia, egin duen eskapismo ariketa gaiari erantzutea baino interesgarriago edo asegarriago bihurtzea. Hitzaren magoak badaki ihesaldia arte bihurtzen, batzuetan ihes egin duenik ez antzemateraino. Kronometroa agortu aurretik azken puntua abestu, entzuleei bizkarra eman eta irribarre oker bat egingo dio bertsokideari; eta entzuleak, txalo jo artean, pentsatuko du: “nola arraio egin du?”.

Eskapistak